Lau eta erdiko pilota txapelketaren final laurdenetako ligaxkan izanen da Iker Salaberria goizuetarra

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 9a, 14:30
Final laurdenetako ligaxka jokatzeko txartela eskuratu du Iker Salaberria goizuetarrak Urrutikoetxeari irabazi ondotik.

Final zortzirenetako partidan 22-14 irabazi zion Urrutikoetxeari igandean Tolosan eta Ezkurdia izanen du arerio urriaren 15ean Lekunberrin

Joan den urtean promozio mailako lau eta erdiko txapelketa irabazi ondotik, lehen aldiz lau eta erdiko Eusko Label pilota txapelketa nagusian hasi da Iker Salaberria pilotari goizuetarrak. Ongi hasi gainera, final zortzirenetako partidan 22-14 irabazi baitzion Urrutikoetxeari igande arratsaldean Tolosan.

Goizuetarrarekin batera, Artolak, Jakak eta Peña II.ak lortu dute final laurdenetako ligaxkako txartela. Ligaxka honetan esperoan dituzte iazko txapelketako lau onenak: Ezkurdia txapelduna, Altuna III.a txapeldunordea, Elordi hirugarrena eta Peio Etxeberria laugarrena. Iker Etxeberriak gaur egungo txapeldunaren kontra, Joseba Ezkurdiaren kontra jokatuko du final laurdenetako ligaxkako lehen partida urriaren 15ean Lekunberrin.

Ligaxka hori bi multzotan banatuak jokatuko dute eta multzo bakoitzeko bi onenek jokatuko dituzte finalerdiak azaroaren 4an Gasteizen eta azaroaren 5ean Eibarren eta finala azaroaren 19an jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun