Maiatzeko uholdeen kalteak oraindik ez dituzte konpondu Aranon

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 6a, 17:30
Industrialderako sarbidea egoera horretan dago. Argazkia: Joxan Ruiz.

Errepide nagusia konpondu badute ere, auzo bideak «oso egoera larrian» daudela nabarmendu du Joxan Ruiz Aranoko alkateak.

Errepide nagusia konpondu dute.

«Kezkatuta». Halaxe mintzatu da Joxan Ruiz alkatea. Ez da gutxiagorako, maiatzaren 20ko uholdeek sortutako kalteak oraindik agerikoak baitira. Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Departamentuak Gipuzkoako mugatik herrira doan errepide nagusia konpondu du; eta alkateak adierazi duenez «oso ondo» utzi dute. Baina oso bestelakoa da auzo bideen egoera: «Oraindik konpondu gabe daude eta oso egoera larrian gaude». Industrialdeko sarrera «oso egoera txarrean dagoela dio eta «Surora doan bidean, adibidez, errepide erdia jana dago, bide osoa eror daiteke.

Eskola garraioa ere ez da pasatzen. Bide askotan alde batera harkaitza eta bestean amildegia dago. Zenbait etxetara joateak beldurra ematen du». Gehiago ere esan du, «beldur gara laguntzak ez direla nahikoak izanen». Esplikatu duenez, «kalteak bi milioi euro eta erdikoak izanen direla zenbatu dugu. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak larrialdi egoeretarako dituen dirulaguntzekin, %75eko laguntza emanen du, beti ere, herrian erroldatuta daudenen eta norbait bizi den etxeetako bideak konpontzeko. Baina beste guztia nola finantzatuko dugu? Espainiako Gobernuak ez badu hondamendi eremu izendatzen, ondorioak betiko gelditzen ahal dira. Kalteak izugarriak dira, eta Aranok ez dauka aurre egiteko baliabiderik». 

Egoera ikusita, «irtenbidea» eskatu du alkateak: «Denbora luzez sufritzen ari gara eta Arano ez da normaltasunera itzuli. Soluzioa behar dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun