267 txirrindularik osatu zuten larunbatean Leitzulia

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 4a, 19:00

Hiru urteko geldialdiaren ondotik, ilusio berezia nabari zen irteera-puntuan. 275 txirrindulari abiatu ziren goizeko 9etan Leitzako plazatik. Aurretik, BTT lasterketetan Nafarroako txapeldun izan den Jon Egizabal herritarrari omenaldia egin zioten. Mendian gora eta behera, 42 kilometroko ibilbidea osatu zuten eta 267k lortu zuten helmugara iristea. Argazkiak: Jabi Aranburu, Amaia Iparra, Toribio Gereño eta Jon Roda.

Leitzako plazatik abiatuta, herriko kaleetan barna joan ziren txirrindulariak Plazaolako bide berdera iristeko. Omenaldia jasotzeaz gain, probako lehenbiziko kilometroak lasterketa buruan egiteko aukera eman zioten Jon Egizabali, hamazazpi urte baino ez dituenez, ezin zuelako proban parte hartu. Handik Leitzalarre eta Petriketako gainera igo ziren. Pedalei gogor eraginez, gora eta behera ibili ziren Usategieta, Idiazabal, Kornieta eta Uitziko eta Guratzeko gainetik pasaz eta ibilbidea Leitzako plazan bukatu zuten. 267 txirrindulari iritsi ziren helmugara eta bi istripu txiki baino ez ziren izan. Lepauztaian kolpea batek eta kokotsean ebakia egin zuen besteak. Dena den, biak beren kabuz iritsi ziren helmugara.

Proba lehiakorra ez den arren, nork bere marka hobetzeko ahalegina egin zuen eta hala, bi orduren bueltan osatu zuen itzulia aurrenekoak. Animorik ere ez zuten falta izan, eguraldia lagun, jende asko igo baitzen mendira proba ikustera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun