Joan den urtean promozio mailako lau eta erdiko txapelketa irabazi ondotik, lehen aldiz lau eta erdiko Eusko Label pilota txapelketa nagusia jokatuko du Iker Salaberria pilotari goizuetarrak. Urrutikoetxea izanen du arerio urriaren 8an, igandean, jokatuko den final zortzirenetako partidan.
Partida hori irabaztea lortuko balu final laurdenetako ligaxkan sartuko litzateke Salaberria eta hor, lehen arerioa Joseba Ezkurdia izanen luke, gaur egungo txapelduna.
Denera hamabi pilotarik jokatuko dute lau eta erdiko pilota txapelketa. Finak zortzirenetako lehen partida Artolak eta Agirrek jokatuko dute urriaren 6an, ortziralean Agoitzen. Urriaren 7an, Laudion, Jaka eta Larrazabal izanen dira aurrez aurre eta Salaberria eta Urrutikoetxearen arteko partidaren ondotik, Elezkano II.a eta Peña II,a ariko dira igandean Tolosan.
Partida hauetako irabazleen esperoan izanen dira final laurdenetako ligaxkan iazko lau pilotari onenak: Ezkurdia txapelduna, Altuna III.a txapeldunordea, Elordi hirugarrena eta Peio Etxeberria laugarrena.
Ligaxka hori bi multzotan banatuak jokatuko dute eta multzo bakoitzeko bi onenek jokatuko dituzte finalerdiak azaroaren 4an Gasteizen eta azaroaren 5ean Eibarren eta finala azaroaren 19an jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan.