Sare sozialetan elkarbanatu duten mezuan azaldu dituzte taldearen ibilbideari bukaera emateko arrazoiak. Duela hilabete batzuk abestiei ahotsa jartzen zien Irati Gutierrezek proiektua uztea erabaki zuenean denbora tarte bat hartzea erabaki zuten: «talde eta banako moduan hausnartu eta etorkizunean pentsatzeko». Orain dela gutti elkartu eta erabaki zuten bukaera iritsi zela: «batez ere, musikari eta pertsona moduan aurrera jarraitzeko, zerotik hasteko eta geure burua proiektu berrietan identifikatu eta berrikusteko, konplexurik eta presiorik gabe». Bukaera berezia izan dadin, bost kontzertu antolatu dituzte: «bost hileta izanen dira zeinetan organoa gitarrek, pasioak, eta energiak ordezkatuko duen, betiko lez». Urriaren 6an Leitzan, urriaren 27an Huarten, azaroaren 11n Etxarri Aranatzen, azaroaren 18an Lekunberrin eta abenduaren 23an Elizondon.