Giro ederra izan dute Areson Eskolarteko XXII. Topaketetan

Ttipi-Ttapa 2023ko urr. 2a, 14:00

Ni + Zu= Gu dio topaketetako leloak. Eta halaxe, bat egin zuten Arano, Areso, Ezkurra, Goizueta eta Leitzako haur eta gurasoek. Irailaren 30ean, larunbatarekin, ospatu zuten festaren XXII. edizioa Areson. Egunpasa joanda edo goizeko edo arratsaldeko ekitaldietan parte hartuz; denek, ederki pasatzeko aukera izan zuten.

Goizeko 11etan eman zieten hasiera festari. Orduan egin zieten harrera aresoarrek Arano, Ezkurra, Goizueta eta Leitzatik etorritakoei. Koloretako gometxak hartuta, sei taldetan banatu zituzten haurrak. Herri bateko eta besteko ikasleak nahasi zituzten, horrela, elkar ezagutzeko aukera emanaz.  Talde bakoitza herriko txoko batera abiatu zen: Peuneko atarira, eskolara, parkera, elizara, Ollene atarira eta garbilekura eta banan-banan, probak gaindituz ,herriari itzulia eman zieten. Arrantzan, aurpegiak margotzen, harri-orri-har jokoan, aulki-jokoan, sagar bereziei koxk eginez eta twisterrean jolasteko aukera izan zuten. Azken proba gaindituta, puzzle zati bat jaso zuen talde bakoitzak. Sei zatiak elkartuta, Ni + Zu= Gu leloa osatu zuten denen artean. Topaketetako dantzarekin bukatu zituzten goizeko ekintzak.

Ordubiak aldera, Aresoko gurasoek prestatutako hiru paellak gustura jan zituzten mahaiaren bueltan bildu ziren 150 lagunek. Bazkalondoan Eskola txikiak, bihotz haundiak pankarta hartuta eta Leitzako fanfarrearen erritmora, kalejira egin zuten. Gero, baloiarekin zeinen trebeak diren erakusteko aukera izan zuten haur eta gurasoek. Plazako platanondoei sokak lotuta, giza-futbolina osatu zuten eta nahikoa komeria izan zituzten golak sartu ahal izateko. Galdutako indarrak berreskuratzeko, txokolatea eta bizkotxoa banatu zituzten eta Aresoko musikariek eskainitako erromerian jo ta su dantzan ibili ziren gero. Zabor boltsak banatuta egin zuten azken jolasa, denen artean plaza garbi utziz.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun