MIKEL SAIZAR GOIKOETXEA

«Egunero lanera irribarre batekin joatea da nire ametsa»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 30a, 10:00

«Aresoko gazte, alai eta parrandazalea». Halaxe deskribatu du bere burua Mikel SAIZAR GOIKOETXEAk. Sukaldaritzako goi mailako ziklo bat ikasten ari da Donostian eta lagunekin denbora pasatzea, telesailak ikustea eta parrandan ateratzea ditu gustuko. 

Sukaldaritza afizio

Sukaldaritza ikasketak egiten ari da Donostian, eta txikitatik datorkio sukalderako afizioa.  «Sukaldea gustatzen zaion edonori bezala, ama edo amona sukaldean ikusita etorri zitzaidala afizioa». Dioenez, txikitan hasi zen sukaldean «lagundu nahian». Geroago murgildu zen,  «errezetak ikusi, eta errepikatu nahian» hasi zenean. 

Ikasketei dagokionez, «inoiz ez naiz ikasle ona izan eta egiten ari naizen goi mailako zikloa ez zait exijentea iruditzen», kontatu du.  Are gehiago, «klasean arreta jarriz gero eta bidalitako lanetan interes pixka bat jarriz gero, erraza da». Nahiz eta ikasten ari denak «konplikaziorik» ez duen bere ustez,  «ez bazara inoiz etxean sukaldean aritu hobe da erdi-mailako ziklo batean sartzea sukaldeko oinarriak ikasteko». 

Sukaldaritza ikasten hastean hainbat klixe entzuten direla uste du Saizarrek: «Prest egon behar da mundu guztiaren gomendioak entzuteko lan gogorra dela esanez, denek jai dutenean zu lanean egongo zarela esanez…». Gainera, azaldu duenez, sukaldaritza ikasketak hasita «jende asko etorriko zaizu otorduren bat antolatu behar duzula esanez». Gomendioa ere luzatu die hori ikastekotan direnei: «benetan gustatzen zaizun gauza bat bada, alde txar guzti horiek ez dute inporta. Gainera, bizitza luzea da hanka sartu eta aurrera jarraitzeko eta ez baduzu zure  bertan ikusten ondoren izango duzu denbora beste zerbait ikasteko». 

Prestaketa gustukoenak

Ordu asko ematen ditu sukaldean Saizarrek, baina, bereziki postreak prestatzea gustatzen zaio, «erlaxatu» egiten dutelako: «beharbada txikitako oroitzapenak ekartzen dizkidalako». Postreez gain, egosketa luzeko prestaketak egitea ere maite du: «Gisatuak, saldak… prestaketa horietan benetan ikusten da erabiltzen diren elikagai guztiak nahastearen emaitza». Jaterakoan ere, azken horiek ditu gustuko: «zapore guzti horiek ahoan nabaritzea, eta zapore konbinazioak ere ikaragarri gustatzen zaizkit», aitortu du. Ez ordea postreak, «prestatzeko bai, baina, jateko ez naiz batere gozo zalea». 

Bere ametsetako lana zein den badaki aresoarrak: «Egunero lanera irribarre batekin joatea da nire ametsa, jakitea egunero zerbait berria ikasiko dudala, eta ikasteko gogoz dagoen jendez inguratua egotea».  Hala ere hasieran, nahiago luke beste norbaiten babespean egotea, «sukaldean nahikoa estres pasatzen dugu, horri zure jatetxe propioa izatearen estresa gehitu gabe». 

Herritik hirira

Donostian bizi da gaur egun, eta aldea nabaritzen du bien artean, batez ere Donostian bere ardura delako dena: «Gurasoen etxean lasai bizi zara, beti duzu plater bat jateko mahai gainean, baina ez da horren atzean dagoen lana ikusten». Donostian, ordea, berak darama etxeko martxa, eta horretan nabaritu du aldaketarik handiena. Batez ere arropa garbitzeko lana nabarmendu du: «Sukaldean uniformea eramaten dugunez, eta egunero garbia eraman behar denez, arropak ematen duen lana handia da».

Ardura gehiago baditu ere pozik bizi da Donostian, hiriak «bizitza» duela iruditzen zaiolako. «Beti dago egiteko zerbait, eta beti dago jendea kalean, eta horren bizitasuna ematen dio zure bizitzari». Kontran, Aresok duen «lasaitasuna» ere maite du. «Asteburuetan Aresora iristean badakit etxean lasai egon naitekeela inongo zaratarik gabe, eta buruan kezkarik gabe, eta noski hemen dagoela familia eta kuadrilla». Biak ditu gustuko, nahiz eta gaur egun nahiago duen Donostia, baina, etorkizunean, «nik uste dut herrira itzuliko naizela». 

Etorkizunari begira, «ahalik eta gehien ikasi nahi du bai eskolan, eta baita lanean ere». Hala ere, ez dio bere buruari helburu zehatzik jarri nahi: «Garrantzitsua iruditzen zait gauzak datozen bezala hartzea».  Beste mezu bat ere luzatu nahi du: «Ikasketetan gure lehenengo aukera ez da zertan gure aukera bakarra izan. Nik argi nuen filologia klasikoa ikasiko nuela, baina, batxilergoko azken urtean erabat aldatu zen nire aukera. Eta oraingoz egin dudan aldaketarik onena izan da». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun