Ostiral honetan, irailaren 29an, Kronikaren aldeko herriarteko erremonte txapelketa jokatuko dute Hernaniko Galarreta frontoian. Ez da erremonte jaialdi arrunta izango, 22 sagardotegiren sagardoa eta pintxoak dastatzeko eta herri kirolak, sortzaileen postuak eta dantzariak ikusteko aukera izanen baita. 12 euroko sarrera ordainduta pintxoa eta edaria ere izanen dute erremonte zaleek. 10 urtetik beheitikoak doan sartuko dira.
Jaialdira joateko sarrerak eskuragarri daude Urumealdeko zenbait gunetan; Aralarren (Hernani), Ikatzan (Astigarraga), Irrintzin (Ereñotzu), Amaian (Goizueta) eta Kronikaren bulegoan. Gonbidapenei dagokienez, hauek eskuratzeko aukera izango da bailarako lau udaletxetan; hala nola, Aranon, Ereñotzun, Astigarragan eta Goizuetan. Kronikakideek eta Dobera Euskara Elkarteko bazkideek, berriz, Kronikaren bulegoan eskuratu ahal izango dute txartela.
Urumealdeko herriak ordezkatuko dituzte erremontariek
Hiru bikotek jokatuko dute aurtengo jaialdian, Urumealdeko herri bana ordezkatuz. Bikoteak osatzea falta den arren, hauek izango dira jaialdian parte hartuko duten erremontariak:
Oier Apezetxea eta Aritz Zubiri goizuetarrak, Aitor Aiestaran Notayo, Julen Loitegi, Ander Goikoetxea eta Urtzi Gurrutxaga.
Triangular formatuan jokatuta, txapelketa txiki bat egingo dute hiru bikoteen artean. Denak denen kontra arituko dira, eta partidu gehien irabazten dituen bikoteak irabaziko du.
Gazteen herri kirol desafioa, motorrak berotzeko
Erremonte partiduen aurretik, frontoiaren kanpoaldean hasiko da festa. Izan ere, lagunarteko herri kirol desafioa izango da, 16:30etik aurrera, motorrak berotzeko. Urumea bailarako gazteek hartuko dute parte horietan, eta hiru taldetan banatuta ariko dira, soka tiran, lokotxetan, txingekin edota korrika, bertaratuen artean giroa pizteko.
Kirola eta gastronomia lotuko ditu aurten ere erremonte jaialdiak. Zabalik izango dira Galarretako tabernak, eta bertan Urumealdeko 22 sagardotegitako sagardoa eta produktuak dastatzeko aukera izango da, pintxo eta guzti. Jada itxita dago zerrenda, eta ondorengo sagardotegiek parte hartuko dute: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Elutxeta, Gartziategi, Goiko-Lastola, Gurutzeta, Iparragirre, Itxas-Buru, Larre-Gain, Lizeaga, Oialume Zar, Olaizola, Otsua-Enea, Oyarbide, Rufino, Petritegi, Zapiain, Zelaia eta Eula.
Sorpresaz betetako arratsaldea izango da. Bailarako sortzaileen postuak, musika eta dantza emanaldia izango dira Galarretan.