Igande honetan hasiko da Leitzako Herri Aretoko denboraldia

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 27a, 17:00
Igandean 'Ainarak' dokumentala ikusteko aukera izanen da.

Igande honetan zineak hartuko du Leitzako Herri Aretoko protagonismoa. Alde batetik, Maska: Basoaren zaindaria filma eta bestetik,  Ainarak dokumentala ikusteko aukera izanen da. Bestalde, webgunea estreinatu dute eta zine bonuak gaurtik aurrera eskuragarri daude.

Ohi bezala, hilabeteko aurreneko eta hirugarren asteburuetan filmak ikusteko aukera izanen da Leitzako Herri Aretoan, eta halaxe izanen da igande honetan, urriaren 1ean. Ordutegiak aldatu dituzte, eta aurreneko emanaldia 17:00etan eta bigarrena 19:30ean izanen da. Igandeko lehenbiziko saioan Maska: Basoaren zaindaria filma ikusteko aukera izanen da eta 19:30ean Ainarak. Azken hori Leitzeko Sastrakak taldeko feministarekin elkarlanean antolatu dute. 

Zine bonuak eskuragarri

Herri Aretoko programazio guztia biltzeko eta bestelako xehetasunen berri emateko webgunea ere estreinatu dute: kulturaleitza.eus. Atari horretan gaur jarri dituzte zine bonuak eskuragarri. 17:00etako pelikulak umeentzat, gazteentzat eta publiko guztiarentzat izanen dira eta zine bonuak 31,50 eurotan eros daitezke. Hala, bederatzi film ikusteko aukera izanen da. 19:30eko pelikulak, berriz, 18 urtetik gorakoentzat izanen dira, eta zine bonuak 40,50 eurotan jarri dituzte. Kasu honetan ere, bederatzi film ikusteko aukera izanen da.

Zine bonuak ilbeltzaren 6ra bitarte izanen dira salgai, eta urriaren 1etik maiatzaren 19ra arte kontsumitzen ahal izanen dira. Zine bonua izenduna da, baina beste pertsona batzuekin partekatu ahal izanen da. Erabiltzaile bakoitzak nahi adina bonu eros ditzake eta bonua online erosiz gero, erosleek kultur saileko bulegotik pasatu beharko dute txartela biltzera edo kultura@leitza.eus korreoan eskatu. 

'Ainarak' dokumentala eta gehiago

Ainarak dokumentala Ritxi Lizartza zuzendariaren lana igande honetan pantailaratuko dute Herri Aretoan. 1870etik 1940ra Pirinioak oinez zeharkatzen zituzten Zaraitzu, Erronkari, Ansó eta Echo ibarretako milaka emakumek Maulera (Zuberoa) ailegatu eta espartingintzan aritzeko. Anne Etxegoienen eskutik, artxibo, dokumentu, argazki eta elkarrizketen bidez, denboran, geografian eta inguru historiko eta pertsonaletan barrena egindako bidaia da dokumentala.

Dokumentalaz gain, Enaren bidea ezagutzeko emakumeentzako* mendi irteera antolatu du Sastrakak taldeak Nafarroako Pirinioetara. Urriaren 28an eginen dute: Enaren bideko zati bati egin eta Belaguako aterpetxean bazkalduko dute. Izena emateko sastrakak@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun