Regina Brüker

«Bertakoek eskertzen dute euskaraz egitea eta mundu bat irekitzen da»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 24a, 13:00

Regina BRÜKER, Goizuetan bizi den suitzarra

«Beldurrik gabe aritzen naiz euskaraz, hizkuntzekin nahiko lotsagabea naiz eta nik uste hori dela ikasteko sekretua». Hala dio Regina Brüker suitzarrak. Azken zortzi urteotan Goizueta du bizileku.

Etxean barneratu zituen lehen hitzak euskaraz: «Bikotekidea euskalduna da eta umeekin euskaraz egiten du». Ondoren, «duela bospasei urte Goizuetan euskara ikasteko taldea sortu zen eta urte batez ibili nintzen». Orain dela hiru urte, berriz, euskaltegian hasi zen eta irakaslearekin «astero ordu bat telematikoki egiten dut eta horrez gain, etxeko lanak. Egunerokoan euskaraz ariz zalantzak sortzen zaizkit eta zalantza horiek Iraia irakaslearekin argitzen ditut, eta horrek euskara maila hobetzen laguntzen dit».

Bere kasuan, «euskaraz oso garbi egitea zaila» ikusten du, baina «nire helburua egunerokoan euskaraz bizitzeko adina ikastea da. Nire familia euskalduna da eta askotan elkarrekin euskaraz hitz egiten dugu». Goizuetako euskalkiaz galdetuta, berriz, honela dio: «Hori da nik entzuten dudana. Hala ere, uste dut goizuetarrak nirekin ari direnean garbiago egiten dutela. Moldatzen naiz eta bestela galdetzen dut».

Bizi den tokian bizita hori zor duela sentitzen du: «Goizuetan euskaraz bizi dira eta euskara ikasi behar dudala sentitzen dut». Hala, ez dakitenei euskara «ikasi eta erabiltzeko» esan die: «Bertakoek eskertzen dute eta mundu bat irekitzen da». Zaila egiten zaio «euskaldunak elkarrekin beti euskaraz ez direla aritzen ulertzea, baita euskaldunak hemen bizi garen erdal hiztunokin ere. Ikasiko dugu, gutxienez ulertzeko adina. Urte batzuez euskara debekatua izan zen, baina karga politiko hori alde batera utzi behar da, bi aldeetatik. Euskaldunek euskaraz bizitzeko eskubidea dute, eta hona etorri garen erdal hiztunok euskara ikasi eta kultura errespetatu beharko genuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun