Iraia Ceballos

«Euskara gurea eta hemengoa den hizkuntza bakarra da, eta zaintzea eta erabiltzea guri dagokigu»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 24a, 08:00
Iraia Ceballos Mitxelena, Leitzaldeko, Imotz-Basaburuko eta Araitz-Beteluko IKA euskaltegietako arduraduna eta irakaslea da.

Iraia CEBALLOS MITXELENA, Leitzaldeko, Imotz-Basaburuko eta Araitz-Beteluko IKA euskaltegietako arduraduna eta irakaslea

Leitzaldeko IKA euskaltegia bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Iraia Ceballos Mitxelena arduradunarengana jo du Ttipi-Ttapak. Berak eman du eskaintzaren eta bestelako xehetasunen berri. Gehienak «hemengo hizkuntza euskara dela ikusten dutelako» joaten omen dira euskaltegira.

Zein da gaur egun Leitzaldeko euskaltegiko eskaintza?

Duela urte batzuk arte hainbat ikastaro mota eskaintzen ziren: araugintza ikastaroa, errakuntza ikastaroa, gurasoentzako ikastaroak… Gaur egun, ordea, euskalduntze ikastaroak dira gehien eskatzen dituztenak, maila guztietan. Hortaz gain, eskoletan eta institutuetan ere ikastaro bereziak ematen ditugu; batez ere, ahozkotasunari begira.

Ikasle kopuruari dagokionez, zein da azken urteotako joera?

Azken urte hauetan 30-35 ikasleren bueltan ibili gara.

Pandemiak matrikulazioan eragina izan zuen?

Pandemiak ikasturte erdian harrapatu gintuenez, ikasleak dagoeneko matrikulatuta zeuden, eta egoera berriak metodologian izan zuen eragina, ez hainbeste matrikulazioan. Eskolak emateko moduak aldatu behar izan genituen eta online modalitatera egokitu. Hurrengo ikasturtean, horretan nabaritu genuen aldaketa: jende gehiago hurbildu zen online ikastaroak eskatuz.

Egoera berriz lehengora bueltatu da?

Aurrez aurreko eskoletan, zalantzarik gabe, lehengora bueltatu gara; lehengo dinamikak eta hurbiltasuna berreskuratu ditugu, eta hori oso pozgarria da, motibagarria irakasleontzat zein ikasleentzat. Hala ere, online modalitatea geratzeko etorri zen, eta autoikaskuntzan (banakako ikaskuntza) matrikulatzen diren ikasle gehienekin online ematen ditugu tutoretza saioak.

Zein helbururekin hurbiltzen dira ikasleak euskara ikastera?

Gehienak, gaztelaniarekin moldatu badaitezke ere, hemengo hizkuntza euskara dela ikusten dutelako hurbiltzen dira.

Zein dira ikasleen ezaugarriak?

Urtero, maila guztietako ikasleak izaten ditugu, eta normalean, hasiberriak izaten dira: kanpotik hona bizitzera etorri eta euskaraz ez dakitenak. Batez ere, Espainiatik eta Latinoamerikatik etorritako  jendea dugu. Generoari dagokionez, gehiengoa emakumezkoa izaten da. Lan egoeraren kasuan, ia denak lanean ari dira edo daukaten denbora libre eskasetik ateratzen dute euskara ikasteko tartean. Astean sei ordu izaten dira eskolak, eta askotan, lanetik atera ondoren, leher eginda etortzen ikusten ditugu. Benetan miresgarria iruditzen zait.

Azken urteotan hizkuntza ohituretan aldaketarik sumatu duzue?

Uste dut euskararen inguruko kontzientziazio maila igo egin dela azken urteotan: euskara ikasi nahi duten asko ez dira pragmatismoagatik etortzen, hau da, lanagatik edo tituluagatik. Gehiago dira alde emozionalak bultzatuta etortzen direnak: euskaraz bizi  nahi dutelako, Euskal Herria maite dutelako, euskara gustatzen zaielako…

Euskararen egoerak kezka sortzen dizu?

Herri koxkorretan ikusi dugu jendeak ez duela euskara jakitea beharrezkotzat jotzen bertan bizi ahal izateko. Hau da, euskaraz ez badakizu, ez dugu inongo arazorik izaten gaztelaniaz erantzuteko. Honek euskara ikasteko beharrik ez sentitzera eramaten ditu.

Zein mezu luzatuko zenieke herritarrei?

Euskara gurea eta hemengoa den hizkuntza bakarra dela, eta ondorioz, hau zaindu eta erabiltzea guri dagokigula. Euskararen normalizaziorako lanean, euskaltegietatik ahal duguna egiten dugu, baina denon ardura da gure herrian euskaraz bizi ahal izan gaitezen bermatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun