Marta Martinez

«Euskara ikastea errespetu keinu bat iruditzen zait»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 23a, 14:00
Marta Martinez Rodriguez Leitzan bizi den katalana da.

Marta MARTINEZ RODRIGUEZ, Leitzan bizi den katalana

Katalunian, bikotekidearekin, ikasi zituen euskaraz aurreneko hitz solteak Marta Martinez Rodriguezek (Manresa, Herrialde Katalanak): «agurra, koloreak, asteko egunak, hilabeteak, zenbakiak, kanturen bat...».

Duela sei urte etorri zen bizitera «bikotekidearen jaioterrira» eta orain bost urte hasi zen euskaltegian, «lehenik eta behin, errespetu keinu bat» iruditzen zaiolako. «Gainera, ikasten hasi nintzenean hizkuntza berezia iruditu zitzaidan, hizkuntza zaharra dela nabaritzen baita».

Aitortu duenez,  «katalan edo erdaldun batentzat, azken finean latinetik datorren hizkuntza bat hitz egiten duenarentzat, oso zaila da euskara, esaldien egitura eta orokorrean hizkuntza oso desberdina baita». Baina gogotsu hartua du erronka, eta orain arte euskarako klaseak eta «lana, oposizioak, formakuntza profesionala eta gainerako kontuak bateratzea zaila» egin zaion arren, «aurten euskaltegiko orduez gain, Euskarabideak eskaintzen dituen ikastaro intentsiboak egiteko asmoa dut».

Aipatu duenez, «aukera dudan bakoitzean euskaraz egiten dut. Iruñean egiten dut lan eta bikotekidearen inguruaz eta Leitzaz gain, ez dut oso inguru euskalduna». Baina aukera duenean aprobetxatu egiten du: «Lantokian, gaixoen ama hizkuntzan komunikatzea gustatzen zait eta erosketa gehienak herrian eta euskaraz egiten ditut». Bateko eta besteko, «ia egunero ikasten dut zerbait eta horrela jarraitzea espero dut».

‘Egin behar dut’ eta ‘In beat’

Leitzako euskalkiarekin izandako anekdotak ere kontatu ditu: «Batzuetan, euskaltegian, Leitzan hitz egiten ez den hizkuntza bat ikasten dugula esanez ibiltzen gara brometan. Adibidez, hitz guztiak mozten dituzte! Guk klasean egin behar dut ikasi ondoren, etxean in beat entzuten dut. Nola ulertu? Bestetik, beste hitzak erabiltzen dituzte: Guk marrubiak hitza ikasi eta bikotekideari mauriak entzuten diot, eta normala den bezala, ez dakit zertaz ari den. Beste hainbat hitzekin berdina pasatzen zait, izotza esan ordez kolle...».

Euskararen «egoera kezkagarriaz» ere aritu da: «Askotan galdetu didate katalana izanda, katalanez hitz egiten dakidan ala ez. Galderak asko harritu ninduen galdetu zidaten aurreneko aldian, Katalunian ia guztiek baitakigu katalanez. Bestetik, Euskal Herrian jaiotako batek baino gehiagok esan dit euskaraz berak baino gehiago dakidala eta hori ez da ez normala, ez ona euskararentzat. Beraz, euskararen egoera kezkagarria iruditzen zait, bai».

Hala, hiztunei begira jarri da: «Euskal Herrian jaiotako erdal hiztunak bertako hizkuntza ikastera animatuko nituzke, benetan bertakoa baita. Kanpotik etorritakoei, berriz, ahal dutena euskaraz egiteko esanen nieke». Eta euskal hiztunei «egunerokoan erabiltzeko eta euskara sustatzen jarraitzeko» eskatu die. «Euskaltegiko gure taldean euskara ikasteko hainbat modu eta desio ditugunak gaude, era estentsiboagoan edo intentsiboagoan ikasi nahi dugunak edota klaseetara joaterik ez dutenak eta etxetik ikasten dutenak. Denak euskara ikasten jarraitzera animatuko nituzke, bakoitza bere erritmoan eta bere erara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun