Euskal Herria Mendi Erronka oinez lau etapatan egiteko aukera izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 16a, 11:00

Euskal Herria Mendi Erronkako antolatzaileek mendi erronka oinez lau etapatan egiteko aukera emanen dute. Lehenbiziko etapa irailean eginen dute, bigarrena eta hirugarrena urrian eta laugarrena azaroan. Oraingoz aurreneko etapa egiteko xehetasunak jakinarazi dituzte eta izena irailaren 20rako eman beharko da.

Euskal Herria Mendi Erronka 67 kilometroko lasterketa izaten da baina aldi honetan oinez lau zatitan egiteko proposamena egin dute antolatzaileek.

Lehenengo etapa irailaren 24an Leitzatik Betelura eginen dute. 16 kilometroko itzulia izanen da eta 08:00etan Leitzako plazatik abiatuko dira. Izena info@ehmendierronka.eus atarian edo Whatsappez eman beharko da: Leitza/Areso (676 87 50 89), Larraun/Lekunberri (650 73 33 21) eta Araitz/Betelu (619 44 67 63). Izena ematearen arabera, kotxeak edo autobusa antolatuko dituzte.

Bigarren etapa Betelutik Albira urrian eginen dute, 16 kilometroko bidea eginez; hirugarren etapak Albi eta Lekunberri lotuko ditu beste 16 kilometro eginez eta hori ere urrian eginen dute; laugarren eta azken etapa Lekunberritik Leitzara eginen dute, 19 kilometroko bidea eginez. Hori azaroan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun