OIHANE ZUGARRAMURDI ZUBIETA

«Oso barnean daramat nire herria»

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 16a, 08:00

Arantzan bizi den goizuetar gaztea da Oihane Zugarramurdi, eta bi herrian inguruan solastatu da TTIPI-TTAPArekin

Nola definituko zenuke zeure burua?

Oso sentibera, pazientzia handikoa eta alaia.

Zein dira zure zaletasunak?

Musikarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait; abestea, entzutea, dantzatzea… horrez gain, lagunekin eta jendearekin egotea oso gustuko dut.

Goizuetan sortutako aranztarra edo Arantzan bizi den goizuetarra?

Arantzan bizi den goizuetarra. Nahiz eta broma gisa Goizuetan aranztar naizela esaten didaten, oso barnean daramat nire herria.

Zer ekarriko zenuke Goizuetatik Arantzara? Eta alderantziz?

Asko xamar eskatzea izango da etxekoak eta Goizuetako lagunak nire ondora ekartzea baina eskatzeagatik… errazago izango da nire bikotea Arantzatik Goizuetara eramatea!

Besta egiteko egun edo toki bat?

Goizuetako edozein parranda: karnabalak, fiestak, kintoen eguna… hurrengo bat esatekotan, Lesakako sanferminak bereziak izan dira beti nire kuadrillan.

Asteburuko plan ideala?

Goizuetara joateko plana da niretzako idealena, ahal dudan guztietan joaten saiatzen naiz. Asteburu bat joan gabe gelditu ezkero, bigarren astean umorea aldatzen hasi naiz! Egia esan, gehienetan, leku batean edo bestean asteburuko planik ez zaizkigu falta.

Musikazalea zara. Instrumenturik jotzen duzu?

Bai, odolean daramat musikarako zaletasuna; gure familian ez da otordurik izaten kantu eta zalapartarik gabe. Hasiera batean trikitixa ikasten hasi nintzen eta urte batzuk beranduago gitarra ikastera pasa nintzen. Panderetarekin ere soinu pixka bat egiteko gai banaiz.

Nora bidaiatuko zenuke gustura?

Argentinara joango nintzateke gustura. Betidanik izan dute osaba Jabier eta aitak bertara joateko nahia eta beharbada, hori da gehien deseatzen dudan lekua. Beraiekin batera Argentinan barrena gustura ibiliko nintzateke.

Amets bat?

Nire inguruan osasuna eta maitasuna dagoen bitartean konforme.

Zure asmoak epe motzera?

Orain bezala jarraitzea ez legoke batere gaizki, baina etxe propioa izateko nahia badugu.

Eta epe luzera?

Egunen batean ama izatea gustatuko litzaidake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun