Iraia Ceballos Leitzaldeko, Araitz-Beteluko eta Imotz-Basaburuko IKAko arduradunak eman dio proiektuaren berri TTIPI-TTAPAri. Kontatu duenez, «azken urte hauetan, sektorean dauden zailtasunak direla eta, erdararen erabilera handitu dela sumatu dugu». Gaineratu duenez, «Leitzan zerbitzuek duten garrantzia kontuan hartuta» erabaki dute antolatzea eta «haien lanpostuetan herritarrekin harremanak euskaraz izateko lehenbiziko pausoak» landu nahi dituzte. «Euskararen ikaskuntzan jarraitu nahi izanez gero, euskaltegiko ohiko ikastaroetara bideratuko ditugu».
Ikastaroa doakoa da eta 20 orduko iraupena izanen du. Asteartean, irailaren 12an, hasi zuten, eta hilabete batez, asteartero eta ostegunero, 15:00etatik 17:30era bilduko dira Leitzako Udaletxean. Ikastaroa Ika euskaltegiak emanen du.