Goizuetako Apezetxeatarrak nagusi Antiguako pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko ira. 7a, 11:00

Apezetxeatarrak txapeldun Antiguan, frontoira hurbildutako Goizuetako zaleekin batera.

Beñat Apezetxea aurrelaria promesa mailan txapeldun izan zen eta Antton Apezetxea atzelaria lehen mailakoan

Joan den larunbatean jokatzekoak ziren Antiguako pilota txapelketaren 75. Edizioko finalak, baina eguraldiagatik, azkenean irailaren 6an, asteazkenean jokatu zituzten. Bi Goizuetar izan ziren finaletan, Beñat Apezetxea promesa mailakoan eta Antton Apezetxea lehen mailakoan eta biak txapeldun suertatu ziren.

Gizonezkoen bi finalen aurretik, emakumeen finala jokatu zuten eta Arrizabalagak eta Galeanok 21-23 irabazi zieten Garai eta Capellani. Itzulipurdi handia izan zuen partidak, Garai eta Capellan 21-13 irabazten izan baitziren. Hogeita banako berdinketaren ondotik, 23ra egin zuten partida eta bi tantoak Arrizabalagak eta Galeanok egin zituzten.

Gizonezkoen promesa mailako finalean Beñat Apezetxea aurrelari goizuetarrak erakustaldia eman zuen eta Unax Landa oiartzuarrarekin batera 22-11 irabazi zien Iker Egiguren azpeitiarrari eta Lea Ibarrako Aingeru Bernaolari. 13 tanto egin zituen Apezetxeak jokoan eta beste bat sakearekin eta finaleko pilotari onena izendatu zuten.

Partida bikaina jokatu zuen Beñat Apezetxea, pilota astintzen.

Gizonezkoen lehen mailako finalean, berriz, Unai Amiano irundarrak eta Antton Apezetxea goizuetarrak 22-16 irabazi zieten Jorge Fernandez errioxarrari eta Aratz Oliden oriotarrari.

Antton Apezetxeak ere final edera jokatu zuen lehen mailan eta Amianorekin batera txapeldun izan zen.

Antiguako txapelketako finalista guztiak, txapeldun eta txapeldunordeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun