Atzo, irailaren 3an, 08:00etan abiatu ziren parte hartzaileak Aresoko plazatik. Denera, 361 izan ziren, horietatik 232 aurretik izena emanda zutenak eta 129 egunean bertan izena emandakoak. Hormigoizko aldapa kozkorrean gora eginez, Ulizarko kaskoa izan zuten eguneko lehenbiziko tontorra. Bertatik, Malloak bistan zituztela, Uniateko gainera joan ziren ttirriki-ttarraka. Euri eta lohiaren eraginez, ez zen hoberena Urkietako kaskora igotzeko bidearen egoera. Horregatik, antolatzaileek norberaren esku utzi zuten kaskora igo edo ez erabakitzea. Haitzezko kaskoa bistan ikusita, gehienek egin zuten gora igotzeko hautua. Handik, Pagozelaira joan ziren eta gustura hartu zituzten bertan jarritako jan-edanak. Guratz izan zen eguneko azken tontorra eta Aresoko plazan paella jan eta sagardoa edanez geratu ziren parte-hartzaile gehienak.
Batzuek gozatzeko, besteek lanean aritu behar izan zuten eta txalogarria izan zen beste behin aresoarrek egin zuten lana. Mendia markatu, aparkalekuak antolatu, anoa guneetan egon, zazpi paella prestatu, dena jaso eta txukundu… hamabosgarren edizioa beste behin ere haiei esker izan da borobila.