Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, uztailean 453.726,55 eurotan esleitu zituen Leitzako Plazaolako Bide Berdearen eta NA-170 errepidearen artean dagoen ezponda egonkortzeko obrak. Lakita, SA obren enpresak hiru hilabeteko epean egin beharko ditu lanak.
Hautatu den konponbidea hegalean ahalik eta material kopururik handiena deskargatzea izan da, labaindutako azaleraren gainetik dagoen material guztia saneatuz, eta segidan, ezponda hondeatuaren azaleran sostengu malgu bat instalatuz. Horretarako, eremuaren buruan 2,5 metroko hondeaketa bertikal bat egitea planteatu dute, agerian gelditu diren mikro-piloteak estaltzeko estalki moduko horma bat eraikiz eta jarraian ezponda bikoitz bat eginez, sarearekin estaliko dena.
Plazaolako Bide Berdean dagoen areka eta honen azpiko pasabidea zeharkako drainatze lan batekin egokitzea ere aurreikusi dute, baita eremuan aldizkako iturburuetatik datozen uren bilketa egitea ere.