Herritarren kontsumo termikoen datuak biltzen hasi dira Mendialdean

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 30a, 11:00

Goizueta. Argazkia: Goizuetako Udala.

Mendialdea eskualdea osatzen duten hamar udalek, tartean, Aranoko, Aresoko, Goizueta eta Leitzako udalek, herritarren kontsumo termikoen datuak biltzeko bidea ireki dute. Goiener kooperatibarekin elkarlanean, galdetegia prestatu dute eta irailaren 8ra arte izanen da hori betetzeko aukera.

Besteak beste, herritarrek etxebizitzetan dituzten instalazio termikoak zein diren, neguan zenbat eta noiz jartzen duten berogailua martxan, etxea berotzeko batez besteko tenperatura zenbatekoa den, urteko gastua zenbatekoa den... Halako informazioa bildu nahi dute galdetegian.

Paperean edo telematikoki bete daiteke galdetegia eta horretarako azken eguna irailaren 8a izanen da. 

Goizuetako Udalaren oharra

Horren harira oharra kaleratu du Goizuetako Udalak. Idatzian dioenez, «Mendialdea eskualdean uste dugu, etorkizunera begira, gure herrietan erabiltzen dugun energiaren jatorriak ahalik eta gertukoena izan behar duela. Horretarako irtenbidea izan daiteke berokuntza-sistemen erregai fosilak (gasolioa, gas naturala...) gure inguruneak eskaintzen dizkigun biomasarengatik ordezkatzea eta, aldi berean, bertako ekonomia sustatzen duten proiektuak bultzatzea». Horregatik eskatu diote azterketa Goienerri, «ordezkapen hori ebaluatu dezan».

Goizuetako Udalak herritarrei galdetegia betetzeko deia ere egin die, «herrian dagoen eskaria neurtu eta azterketan lortzen diren emaitzak ahalik eta zehatzenak izan daitezen herritar guztion laguntzarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun