Bestak 2023

«Herritarron parte hartzea da Leitzako pestak berezi egiten dituena»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 9a, 10:00

Iñaki ZABALO BETELU, Leitzako kirol eta kultur zinegotzia

Pesta bereziak izanen dira aurtengoak Iñaki Zabalo Betelurentzat. Bereziak eta, berak dioen bezala, «oso ezberdinak». Izan ere, Leitzako kultur eta kirol zinegotzi kargua hartu berri du eta pestetako ekitaldien bueltan ibiltzea tokatuko zaio. 

«Kirolzalea» dela dio Zabalok, nahiz eta «urteak aurrera joan diren heinean uzten joan naizen. Baina gustatzen zait, oso futbolzalea eta pilotazalea naiz». Horrekin batera, Leitzako Konpartsako kidea da. Eta hori guztia udaleko ardurarekin uztartu beharko du orain. Aitortu duenez, «banuen herrigintzan nonbait sartzeko gogoa», eta EH Bilduren zerrendan aurkezteko proposamena egin ziotenean, «ez nuen zalantzarik izan». 

Onartu du zinegotziaren ardura hartuta, «hasieran urduri» sentitu zela; «ez nekien zer lan mota zen, baina aurreko zinegotziek erreleboa oso ongi eman digute. Asko bildu gara aurreko udal taldeko kideekin, eta denetan laguntzeko prest daudela esan digute, udal langileek ere nola lan egiten duten ikusita, orain lasaiago nago, aurrean daukagunari aurre egiteko prest». 

Kirola eta kultura

Kirolaren eta kulturaren bueltan ibiliko da agintaldi honetan. Zehazki, Anikote kiroldegiaren eta kirol eta kultur ekintzen ardura izanen du: «Kiroldegia udalaren esku dago, eta horrez gain, alde batetik, urte osoan izaten diren kirol ekintzak daude: mendi erronka, Leitzulia, aurten berreskuratu nahi duten krosa… Herriko eragileek egindako ekintzak dira, baina beti udalaren babesa eta laguntza behar dute. Bestetik, gauza bera gertatzen da kultur ekitaldietan: pestetan, Eguberrietan, Orantzarorekin, ihoteetan... Horietan antolaketan ari beharko dut eta Herri Aretoko programazioa lotzeko, kultur teknikariarekin elkarlanean». Gaineratu duenez, «orain arteko guztia ongi-ongi ezagutu eta horiek martxan jartzea izanen da nire erronka haundiena lehenengo urtean». Baina aldi berean, «sortzen diren aukerei bidea eman» nahi die. 

«Pestetan kale giroan egiten diren ekitaldiak ikustea eta horietan parte hartzea gustatzen zait»

Pestetarako ere «gogotsu» sumatu dugu leitzarra, gustuko baitu «kale giroan egiten diren ekitaldiak ikustea eta horietan parte hartzea». Onartu duenez, «gaueko parrandatik eguneko parrandara salto» egin du, baina hori ez da oztopo izanen ongi pasatzeko. Orain arteko pestekin konparatuz, «oso ezberdinak» izanen direla jakitun da, ekitaldi guztiak gainbegiratzea tokatuko zaiolako, eta ez dira gutxi. Baina pestarako tartea ere hartuko du. Eta horretarako abuztuaren 10a izaten omen du egun kuttuna: «Pesta bezpera izaten da egunik politena. Kuadrillan bildu eta elkarrekin bazkaltzen dugu, pesta hasiera izaten da, erraldoien konpartsarekin ere ateratzen gara… Niretzat egun borobila izaten da».

«Pestak oso leitzarrak izan daitezen saiatzen gara, eta herritarrek oso ongi erantzuten dute»

Leitzako pestak zerk egiten dituen berezi ere galdetu diogu, eta «herritarren parte hartzea» da bere ustez sekretua: «Herriko eragileak biltzen saiatzen gara eta asko parte hartzen dute. Eta hori da bereziena eta politena, bertakoen parte hartzea bultzatzea: pilotan, erraldoien konpartsan, dantzan… Pestak oso leitzarrak izan daitezen saiatzen gara, eta herritarrek oso ongi erantzuten dute. Hori da oinarria eta horrez gain, egitaraua beste detaileekin eta momentuko taldeekin osatzen saiatzen gara». 

Aurtengo pestetarako ere ekitaldiz ongi hornitutako egitaraua prestatu dute, Zabaloren hitzetan, «100.000 euro inguruko aurrekontuarekin». Kontatu duenez, «adin guztietako jendearentzako programa egiten saiatzen gara, denen arteko oreka bilatuz, eta bakoitzak bere gogoko ekitaldiak izanen ditu». Zer nabarmenduko lukeen galdetuta, berriz, «Zetak taldearen kontzertua» aipatu du: «Beharbada hori da ekitaldirik deigarriena, eta nik uste jende asko mugituko duela. Bestalde, umeentzako jokoak, zezenak, dantzarien saioa, konpartsen kalejira… Herritarren aldetik erantzun ona izaten duten hitzorduak izaten dira».

Eta pestak hizpide hartuta, herritarrei eta bisitariei egin nahi izan die «pestak ongi pasatzeko» deia: «Pestak denonak dira, goza ditzagun, baina errespetuz jokatuz». Bide batez, TTIPI-TTAPAko irakurleei ere luzatu die mezua: «Gure herriko pestetara gonbidatuak zaudete!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun