Bigarren urtez segidan Imanol Urkiola eta Xabi Jaunarena nagusitu dira Leitzako Plazako Pilota Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 8a, 08:00

Leitzako Aurrera elkarteak antolatutako XXX. Plazako Binakako Pilota Txapelketa larunbatean borobildu zuten. Alde batetik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia jokatu zuten eta bestetik, final handia. Imanol Urkiola eta Xabi Jaunarena pilotariek Ioanes Ceballos eta Mikel Iriarte izan zituzten kontrario finalean, eta 22 eta 17ko emaitzarekin, Urkiolak eta Jaunarenak irabazi zuten.

Hirugarren eta laugarren posturako lehian, Iñaki Alduntzin eta Unai Olano, Ander Alduntzinen eta Antton Abruzaren kontra aritu ziren. Partida bizia jokatu zuten, baina Ander Alduntzinek ez zuen bere eguna izan, eta Iñaki Alduntzinek eta Unai Olanok partida ona jokatuz, hirugarren postua eskuratu zuten. 22-9 nagusitu ziren.

Finalean, berriz, markagailuan 4-9 jarrita, Ioanes Ceballos eta Mikel Iriarte aurreratu ziren, baina gogotik lana eginda, markagailua berdintzea lortu zuten Imanol Urkiolak eta Xabi Jaunarenak. Baita aurreratu ere, 12-9 jarri baitziren Urkiola eta Jaunarena. Ondoren 17na berdindu zuten, eta handik zuzenean 22ra joan ziren Imanol Urkiola eta Xabi Jaunarena. Hala, bigarren aldiz segidan, txapeldun izan dira.

Gainerakoan, jendearen erantzuna nabarmendu nahi izan du Mikel Iriarte antolatzaileak. «Txapelketan jendeak izan duen erantzuna ikusita, aho zapore onarekin gelditu gara. Agerian gelditu da herritarren artean txapelketa barneratua dagoela eta jendea plazara azaltzeko gogoz egoten dela».

Ikusi hemen finalerdietan hartutako irudiak. Miguel Angel Gereñoren irudiak dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun