Aurtengo Leitzako pestetan pilotalekuan eginen den pilota jaialdia mistoa izanen da, abuztuaren 13an, igandean 19:00etan hasita Amazabal pilotalekuan. Lehen aldiz emakumezkoek ere parte hartuko dute, beraz, aldaketa esanguratsua, eta urrats bat berdintasunaren alde. Leitzako Pesta Batzordeak ohar batean jakinarazi duenez, Jaialdi mistoa eta profesionala egitea adostu zen bi pilota enpresarekin (Ados Pilota eta Aspe), eta ondoren etorri da horietako batek atzera egitea, Aspek hain zuzen ere.
Hasierako akordioari eustea eta berdintasunaren alde egitea erabaki du Leitzako Pesta Batzordeak, eta pilota jaialdi erakargarria antolatu du, prezio oso eskuragarrian (10 euro, eta Leitzako hiru pilotari tartean (Iera Agirre, Goiuri Zabaleta eta Oinatz Bengoetxea).
Aurten, gainera, takillako irabazia Aurrerako pilota eskolarentzat izanen da.