[GUTUNA]: Osasuntsu jan, festaz goza

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 29a, 10:00

Leitzako pestetan Atekabeltzeko sukaldearen ardura hartuko du Habelarte Mendialdeko Baserritaren elkarteak.  Bertan kontsumitzeko deia egiteaz gain, tokiko elikaduraren aldeko aldarria egin du Gotzone Sestorain Zabaleta Habelarteko kideak gutun honetan.

EH zuzenean jaialdian izan berri naiz. Arlo askotako  auzolan erraldoiari esker ondutako ekimena. Eta bereziki bihotza poztu dit ikusteak nola zaintzen duten lehen sektoreko jendea. Otordu guztietako jan-edanak inguruko ekoizleei erosiak —euren izen-abizenekin  protagonista— eta auzolanean kozinatuak. Itzuleran, bide bazterrean jarritako afixei esker, zikiro jate eta kontzertuak iragarriz, herrietako festen berri izan dut. Baztanera sartzean gauza bera, jaia eta tokiko kultura gastronomikoa uztartzen dituen kartelak non-nahi. Nekazaritza mundua bizirik ikusi dut han.

Baina Leitzaldera iristean bihotza goibeldu zait, Leitza eta Aresoko jaietan hainbat herri ekimenetan urtetan  bertako edo inguruko ekoizleen elikagaiekin auzolanean atondutako bazkariak eta otorduak nola zapuztu diren ikustean. Arrazoiak ugariak izan daitezke: erosotasuna, ezin ulertuak, talka ideologikoak... Dena ulergarria izan daiteke, baina onargarriak ote dira non eta tokiko elikadura sistema propio baten alde hainbeste lan egin den herri hauetan? Zentzu honetan oroitarazi nahi dut elikadura burujabetzaren eraikuntzak diferenteen arteko elkarlana eta auzolana eskatzen duela, diferentzia ideologiko eta erosotasunaren gainetik, onura kolektiboa lehenetsiz.

Alta, hodei ilunen artean, bada argi izpitxo bat aurten: Habelarte, mendialdeko baserritar elkarteak bere gain hartu du Leitzako jaietan Atekabeltzeko sukaldea martxan jartzeko ardura. Elikadura burujabetza eta zaintza (ingurumena zein pertsonena) helburutzat dituen elkarte honetako kideen eta inguruko beste ekoizle batzuen  elikagai sanoekin jatekoa eskainiko du abuztuak 10etik 15era. Janari industriala eta artifiziala gailentzen ari den garai hauetan kontrapisu lana egin nahi du, gure nekazaritza mundua eta herri txikiak  indartu nahi badira herritar guztien konpromisoa ezinbestekoa dela aldarrikatuz. Jaietan ere,  batu zaitez tokiko elikaduraren aldeko herrigintzara. Osasuntsu jan, festaz goza!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun