«Gaztetatik» izan omen du «gai politiko eta sozialekiko ardura eta interesa», eta EH Bilduk Leitzako alkategai aurkezteko proposamena egin zionean, «denbora eta hausnarketa dezenteren ondoren», pausoa ematea erabaki zuen Mikel Zabaleta Aramendiak (Leitza, 1981). Bi agintaldi egin ditu alkate eta «gauza on asko» atera dituela dio. Azken hauteskundeen ondoren, ordea, beste erronka bati heldu dio; batetik, zinegotzi izatera pasatu da, eta bestetik, Nafarroako parlamentari kargua hartu du. Zortzi urte hauek emandakoez, hemendik aurrera datorrenaz, egindakoez eta egitekoez mintzatu da.
Zergatik aurkeztu zinen alkate izateko hautagai?
Oso gaztetatik sentitu izan dut gai politiko eta sozialekiko ardura eta interesa. Gaztetatik izan naiz hainbat alorretan militante eta, eskaini zidatenean pausoa emateko denbora eta hausnarketa dezente behar izan banituen ere, herrigintzan bete-betean murgiltzea erabaki nuen, ikasteko eta ahal nuen guztia emateko prest.
Bi agintalditan Leitzako alkate. Zer balorazio eginen zenuke?
Balorazioa oso positiboa izan da, bai emaitzei dagokienez eta baita ikuspegi pertsonalean ere. Bi agintaldietan, hartutako konpromiso gehienak betetzea lortu dugu eta sortu diren hainbat aukera eta erronka berri ere landu eta gauzatu ditugu. Arlo pertsonalean, lankideekin eta udal taldeko kideekin egindako harremanak, ikasitako guztia, herria sakon ezagutzeko aukera… Gauza on asko atera ditut.
Bidea zaila edo erraza izan da?
Ardura guztiak behar bezala eta nahi bezala ongi betetzea ez da erraza eta, ezohiko gertakizunak suertatzean zailagoa egiten da. Baina lanerako gogoa eta ilusioa izanez gero, egingarria da.
«Erronka oso handiak ditugu eta neurriko alternatibak lantzeko beharrezkoak dira eskualde mailako hausnarketak eta elkarlanak»
Eskualdean hainbat proiektu abiatu dituzue. Eskualde mailan lan egitea garrantzitsua dela uste duzu?
Eskualdea gero eta pisu handiagoa hartzen ari da eta pozgarria iruditzen zait. Duela urte batzuk, zerbitzuak mankomunatzeko elkartu ginen eskualdeko udalak eta, orain, ziurgabetasuna nagusi den eta erronka handiak bizi ditugun garaiotan, garapen jasangarrian aurrera egiteko elkartzen ari gara, gero eta gehiago. Elikadura arloan, energian, aktibazio sozioekonomikoan… Badira hainbat arlo, elkarrekin eta eskualde mailan hobeki landuko ditugunak. Erronka oso handiak ditugu eta neurriko alternatibak lantzeko beharrezkoak dira eskualde mailako hausnarketak eta elkarlanak.
Eta herri mailan udalak egindakotik zer nabarmenduko zenuke?
Zaila da bat edo bakar batzuk aukeratzea. Lan asko eta esfortzu asko kosta diren hamaika proiektu garatu baititugu: Anikote kirol enpresa publikoa sortu, Herri Aretoa martxan jarri, Mimukai zentroa, azpiegituretan inbertsio asko… Halere, beharbada, ikusten ez diren lanketak izan dira gehien markatu nautenak, herritarrekin eta eragileekin izandako elkarlana, esaterako: hezkuntza komunitatearekin, herriko eragileekin, baserritarrekin edo dendariekin eskuz esku aritu gara eta elkarlan horietatik makina bat proiektu eta ekimen atera dira. Herritarrekin elkarlan hori ezinbestekoa da herri bizia izaten jarraitzeko.
«Herritarrekin elkarlana ezinbestekoa da herri bizia izaten jarraitzeko»
Zein dira Leitzaren indarguneak eta ahulguneak?
Indargune garrantzitsu bat herriko eragileek, taldeek eta elkarteek sortzen duten sarea da. Horrek sortzen duen mugimendua eta bizitasuna ikaragarria da, potentzial handia du maila guztietan lanean aritzeko. Komunitate sendoa eta nortasun handikoa du Leitzak. Ahulguneei dagokienez, badira zenbait zerbitzu publiko hobetu beharrekoak, aspaldi aldarrikatu ditugunak: garraio publiko eskasa dugu, osasun etxe berria behar dugu, hirugarren adinekoentzat ez dago ia zerbitzu publikorik…
Eta erronka nagusiak?
Nire ikuspegitik, agintaldi honetan erronka nagusia herri programan azaltzen diren hainbat proiektu gauzatzea da: liburutegi berria, Plazaolako geltoki zaharra birgaitu eta aterpetxea egitea, Mimukai proiektua sendotzea eta bigarren faserako finantziazioa lortzea, futbol zelaiko belar artifiziala…
Arantzarik gelditu zaizu?
Orokorrean ez. Herrigintza amaitzen ez den lana izanik, beti geratuko dira amaitu gabeko proiektu eta asmoak. Ahal dudan guztia saiatu banaiz ere, denak bezala, hanka sartu izan dut noiz edo noiz eta bertsolariek dioten moduan, «gaizki esanak/eginak barkatu, eta ongi esanak/eginak gogoan hartu».
Etorkizunean nolako Leitza nahiko zenuke?
Herri bizia izaten segitzea nahi nuke, parte hartzailea, euskalduna, berdinzalea, nortasuna mantenduko duena eta bertatik bertara proiektuak sortzen jarraitzeko ahalmena duena. Zerbitzu eta azpiegitura duinak dituena; etxebizitza eta lanerako aukera duinekin. Azken finean, komunitate sendoa osatzen duen herria nahiko nuke, gustura bizitzeko modukoa.
Agintaldi honetan zinegotzi segituko duzu. Zer ardura hartuko duzu?
Batik bat, errelebo ordenatu eta txukuna egitearen erronka hartu dut. Taldea ia guztiz berria da, ilusioz betea eta horri aurreko urteetan metatutako esperientzia gehitzen saiatuko naiz.
Parlamentura begira ere jarri zara. Zaila izan da pausoa ematea?
Ardura handia da, eta parlamentuko zerrendan joateko proposamena egin zidatenean, etxekoekin hitz egin eta erabakia hartu aurretik denbora behar izan nuen, bai.
Zerrendan bederatzigarren aurkeztuta, espero zenuen?
Pentsatzen nuen emaitzak hobetuko genituela, baina egia aitortzeko, ez nuen pentsatzen bederatzigarren parlamentaria aterako genuenik.
Parlamentari eta zinegotzi. Nola uztartuko dituzu?
Udaleko nire ardura trantsizio ordenatu bat egiten laguntzea denez eta ez ditudanez arlo jakin batzuk hartuko, udaleko dedikazio denbora neurtu ahal izanen dut. Parlamentuko eginkizunek uzten didaten heinean eginen dut ekarpena udalean.
Eskualdean lehenbiziko indarra izan da EH Bildu eta Nafarroan hirugarrena izatera pasatu da. Zer erakusten du horrek?
EH Bilduren proiektua gero eta babes handiagoa jasotzen ari da herritarrengandik eta nik uste noranzko hori ez dela epe motzeko gauza, oinarri sendoa duen joera dela. Gaur Hego Euskal Herrian lehen indar munizipalista gara, Nafarroako Parlamentuan hirugarren indarra izatera pasa gara eta eskualdean gehiengo argia dugu. Babes gehiago lortzeak eraginkortasun handiagoa eman dio EH Bilduri; eraginkortasun handiagoa izateak politika publikoetan ondorio positiboak ekarri ditu eta horrek, berriz ere, herritarren babesa handitzea dakar. Horrela, herritarren bizitzak hobetzeko balio duen zikloa elikatzen da. Horregatik uste dut joera honek ibilbide luzea duela aurretik.
«Uztailaren 23ko hauteskundeak pasa arte, gaur egun Nafarroako Gobernua osatzen duten zenbait alderdik ez dute akordiorik itxiko»
Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioak nola ikusten dituzu?
Argi ikusten dut uztailaren 23ko hauteskundeak pasa arte, gaur egun gobernua osatzen duten zenbait alderdik ez dutela akordiorik itxiko, eta Madrilen gertatuko denak eragin handia izan lezakeela Nafarroako Gobernua osatzeko akordioan.
Gobernua osatzeko formularik bidezkoena zein izanen litzateke?
Nafarroako Parlamentuan eskuinak eta muturreko eskuinak ez gobernatzeko adina indar eta ordezkari badago eta, honenbestez, espero dut bestelako formula aurrerakoiak aurrera egitea. Bide horretan, EH Bildu ezinbestekoa da eskuinaren alternatibak osatzeko eta, orain batzuk kontrakoa esaten badute ere, lehenago edo beranduago gurekin hitz egin eta negoziatu beharko dute, bide horretatik joan nahi badute.
Uztailaren 23ko hauteskundeak ate joka dira. Zer espero duzu?
Estatuan maiatzaren 28ko hauteskundeek utzi duten argazkia oso bestelakoa izan da. Joera hori datozen hauteskundeetan baieztatuko balitz, garai gogorrak etor litezke. Muturreko eskuina politikaren norabidea asko ari da baldintzatzen estatu mailan eta horrek ondorio latzak ekar ditzake, eskubideen arloan, zerbitzu publikoen arloan eta askatasun politikoetan. Espero dut Euskal Herrian fronte antifaxista EH Bilduren bueltan indartzea eta, beste alderdi independentista eta indar aurrerakoiekin batera, eskuina eta eskuin muturra gelditzea, herritar guztion bizitzak hobetzen dituen politikak egiten jarraitzeko Madrilen ere. Madrilen erabakitzen denak eragin zuzena du gure egunerokotasunean.
«Muturreko eskuina politikaren norabidea asko ari da baldintzatzen estatu mailan eta horrek ondorio latzak ekar ditzake»
Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua? Politikagintzan?
Politikagintza ez dut lanbide edo karrera profesional gisa ulertzen. Ziklo hau ere amaituko da eta beste zerbait eginen dut ondoren. Ez dut anbizio pertsonal handirik; duin bizitzeko aukera emanen didan lan bat izatearekin nahikoa nuke. Posible balitz, gizarteari ekarpen positiboren bat egiten dion proiekturen batean parte izatea gustatuko litzaidake.
«Politikagintza ez dut lanbide gisa ulertzen»
Zein mezu luzatuko zenuke?
Uztailaren 23an botoa eman dezatela. Ez badugu ematen, beste batzuk erabakiko dute gure izenean eta posible da ondorioekin ados ez egotea eta eragin handikoak izatea. Posta bidez edo zuzenean, baina denok eman behar genuke botoa. Bestetik, askotan estatu mailako komunikabideetan badirudi hauteskunde presidentzialistak direla eta aukera bakarra Sanchez edo Feijoo dela. Baina ez da horrela. Ez da sistema presidentzialista, parlamentarioa baizik. Hortaz, Nafarroan hautatzen ditugun bost ordezkarietatik, Bel Pozuetak jasotako babesa areagotzea oso garrantzitsua da, hori baita bermea nafarron eta oro har, herritarron aldeko neurriak lortzeko.