Herriarteko pilota txapelketako finalaurrekorako autobusa antolatu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 12a, 14:30

Igande honetan, uztailaren 16an jokatuko dute finalaurrekoa leitzarrek Bizkaiko irabazle Markina-Xemeinen kontra. 11:00etan hasiko dira partidak Zumarragako Beloki frontoian.

Zumarragara herriko pilotariak animatzera joateko autobusa antolatu nahi dute Leitzan, beti ere gutxieneko jende kopuru bat ziurtatzen badute. Izena emateko Maimurren eta pilota eskolako kideen bidez egin beharko da, eta ostirala izanen da horretarako azken eguna.

Oroitu behar da Nafarroako Pilota Federazioak Leitza izendatu du Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan Nafarroako ordezkari izateko. Kirol justiziak Nafarroako Herriarteko Txapelketaren finala egitea eragozten duen prozesu irekia mantentzen duenez, Nafarroako Pilota Federazioko Zuzendaritza Batzordeak uste du Leitzak leku hori hartzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela, orain arte akreditatutako talde finalista bakarra baita.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun