Festetan erabiltzeko edalontzi berrerabilgarriak eta ontzi-garbigailua utziz, plastikozko ontzien kontrako kanpaina abian du Mendialdea Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 10a, 19:00
Herrietako festak ate joka ditugula, Mendialdea Mankomunitateak plastikozko edalontzien kontrako kanpaina prestatu du. Helburua garbi dago: «erabilera bakarreko plastikozko edalontzirik ez erabiltzea, eta, era berean, herritarrei gogoraraztea jaietako ekitaldietan ere hondakinak behar bezala bereizi eta bildu behar direla».

Ingurumena zaintzen duen Mendialdea eraikitzen: ekitaldi jasangarriak

Festetan, herri bazkarietan eta ospakizunetan plastikozko edalontziekin hondakin asko eta asko sortzen dira eta, gero, gainera, ez dira behar bezala kudeatzen eta bereizten. Arazo larri horri aurre egiteko, aurten bertan, Mendialdea Mankomunitateak, Nafarroako Hondakinen funtsaren laguntzarekin, kanpaina indartsu bat paratu du abian: Ingurumena zaintzen duen Mendialdea eraikitzen: ekitaldi jasangarriak.

Maileguan utziko den ontzi garbigailuaren irudia

 

Zer egin behar da ontzi garbigailua eta edalontzi berrerabilgarriak eskuratzeko?

Erabilera bakarreko materialen erabilpena saihesteko, Mankomunitateak jende asko biltzen den jaiak eta ospakizunak antolatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoen eskura jarriko ditu ontzi garbigailuak eta edalontzi berrerabilgarriak. Hau da, Mendialdea Mankomunitateko elkarte, toki erakunde, ikastetxe, talde, sozietate eta partikularrek erabili ahal izanen dute zerbitzu hori.

Ontzi garbigailua eta edalontzi berrerabilgarriak Mendialdea Mankomunitatearen jabetzakoak dira, eta ekitaldia antolatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei doan utziko zaizkie maileguan.

Eskaera 15 egun lehenago egin beharko da, Mendialdea Mankomunitatean ezarritako eskabide ereduaren bidez. Ontzi garbigailua eskatuz gero, eskaerarekin batera, ontzi garbigailua non jarriko den zehaztu beharko du eskatzaileak, mankomunitateak, udalarekin lankidetzan (ekitaldia egiten den tokian), onar dezan. Udalak eta mankomunitateak uste badute kokapena egokia dela, ontzi garbigailua utziko zaie antolatzaileei.

Eskatutako materialak jaso aurretik, pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak dagokion fidantza jarri beharko du: 20 zentimo edalontzi bakoitzeko eta 300 euro ontzi garbigailu bakoitzeko.

Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea izanen da eskatutako materialak garraiatzearen arduraduna, eta ezarritako epean eta moduan itzuli beharko ditu (ekitaldia amaitu eta 7 egun naturaleko epean, ontziak behar bezala garbituta eta ontzi garbigailua akatsik gabe).

Hautsitako edo galdutako edalontziak ordeztea eskatzailearen kontura izanen da, bai eta ontzi garbigailua gaizki erabiltzeak eragindako konponketa gastuak ere, dagokion fidantza itzuli gabe kobratuko baita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun