'Gastronomadak' saioaren grabaketak eginen dituzte uztailaren 12an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 9a, 10:00
Egoitz Txurruka eta Javi Rivero Euskal Herrian ibiliko dira uda honetan, errezeten bila. Asteazkenean Leitzan eginen dituzte grabaketak.

Uda honetan ETB1ek Gastronomadak izeneko saioa estreinatuko du. Sukaldaritza lehiaketa da eta asteazkenean, uztailaren 12an, saioaren atal bat Leitzan grabatuko dute. Grabaketak plazan eginen dituzte eta Leitzako Udalak jakinarazi duenez, egun osoan ariko dira, goiz-goizean hasi eta 22:00 arte. Hala, plazako espazioa horretarako izanen da eta «grabaketako uneak eta beharrak errespetatzen saiatzeko» deia egin du udalak.

Saio honetan Egoitz Txurruka eta Javi Rivero Euskal Herrian barna ibiliko dira, errezeten bila. Saio bakoitzean Riverok kozinatutako menu bat dastatuko dute hiru bikotek eta, ondoren, menu bera egiten ahalegindu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun