Leitzak kirol legez lortu du finalerako txartela, baina, itxura denez, Iruñeak ez du araudia bete txapelketa hasieratik herri (hiri) horrekin jokatu ezin zuten bi pilotari kantxaratu dituelako. Araudiaren arabera, hori egiten duen herria kanporatu egin behar da, baina federazioak izendatutako epaile bakarrak Iruñea eta Larraun arteko finalerdietako partidetako bat errepikatu behar dela ebatzi du eta Larraunek errekurtsoa jarria du.
Araudiaren arabera, pilotariak bost urte behar ditu herri horretan erroldatua edo, bestela, herri horretan atera bere pilotako aurreneko fitxa. Iruñeko taldearen kasuan ez zen horrela eta erreklamazioa sartu zuen Larraunek eta epaileak ebazpena eman zuen: Arrazoi eman zion Larrauni baina aldi berean, partida hori errepikatu behar dela esan zuen epaileak. Herriarteko txapelketaren araudiak, ordea, talderen batek jokalari-zerrendan okerra egiten badu automatikoki herria kanporatua gelditzen dela dio.
Beraz, gaur-gaurkoz, kadeteen, gazteen eta nagusien mailako pilotako finalek airean segitzen dute. Hasiera batean, asteburu honetan finalak jokatuko zituztela pentsatzen zuten, baina Aurrerak adierazi duenez, «gatazka oraindik argitzeke dago. Ez daukagu finalaren data finkorik. Hurrengo aste hasieran berriren bat jasoko dugun esperantza daukagu».