Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 360.518 euroan esleitu ditu Leitza eta Goizueta arteko NA-4150 errepideko bi bihurgune hobetzeko obrak. Zehazki 4+780 eta 4+970 puntu kilometrikoetan dauden kurbak zabalduko dituzte, «ez daudelako baldintza egokietan. Zabalera ttikia dute eta kurben erradioak hagitz murritzak dira, eta horrek errepideko zenbait zatitan ikusgarritasuna murrizten du».
Lanek hiru hilabete iraunen dutela adierazi du gobernuak eta eta hilabete eta erdiz trafikoa etetea aurreikusi dute, uztailaren 17tik aurrera. Hala, beste errepide batzuetatik bideratuko dute trafikoa: NA-170 (Leitza) - A-15 (Hernani) - GI-3410; NA-170 (Doneztebe) - N-121A (Endarlatsa) - A-P8 eta AP-1 (Hernani); eta NA-170 (Doneztebe) - N-121A (Endarlatsa) - GI-636 - GI-20 - GI-40 - GI-41.