Elena Arteta Ballarin

«Ahal dudan guztietan liburutegia dinamizatzen saiatzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 2a, 08:00

«Bere lana izugarri maite duen emakumea» da Elena Arteta Leitzako liburuzaina. Irakurtzea du gustuko, «eta mendia eta igeriketa oso beharrezkoak zaizkit».

Irakurzaletasuna helburu

Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritza ikasi zuen «duela urte asko. Orduan ez zegoen Bibliotekonomia eta Dokumentazio lizentziatura, eta liburutegiak ez ziren gaur egun diren leku dinamikoak». Hori dela eta, ikastaro asko egin ditu liburutegi publikoan lan egiteko, «bai nire kabuz eta baita Liburutegien Sarearen bidez ere». 

2021eko azaroaren 2an hasi zen Leitzan liburuzain lanetan; «Nafarroako Gobernuak deitutako azken oposizioak gainditu eta Leitza aukeratu nuen. Esperientzia ederra izaten ari da, oso gustura nabil».

Liburuzain gisa, «nire funtsezko lana irakurzaletasuna bultzatzea da. Baina ez da erraza; ezin gara jendearen zain geratu, herrian eta inguruan dauden interes eta behar guztietara hurbildu behar dugu liburutegia. Irakurtzea, liburuetan jasota geratzen den mundu izugarri hori guztia, altxor handia da, denon bizitza hobetzeko eta aberasteko balio dezakeena».

Liburutegi dinamikoa

Irakurzaletasuna ez ezik, «ahal dudan guztietan liburutegia dinamizatzen saiatzen naiz. Adibidez, Hazien Liburutegiak proiektuarekin kontsumo eta bizi eredu jasangarriago eta ekologikoago baten aldeko apustua egin dugu, Kontsumo taldearekin eta berdintasun eta kultur teknikariekin elkarlanean».

«Azken urteotan liburutegiaren irudia asko aldatu da»

Honez gain, «giza balioetan oinarritutako tailerrak egiten ditugu Nafarroako Gobernuarekin, eta hurrengoa irailean izanen da. Ipuin-kontaketak ere egiten ditugu, eta umeak oso gustura ibiltzen dira. Pena da aurrekonturik ez izatea maizago antolatzeko».

Astelehenetan, berriz, xake taldea biltzen da liburutegian; «talde irekia da, gero eta haur gehiago hurbiltzen ari dira eta oso giro ona dago. Rafa Galañena ari da irakasle, eta boluntario gehiago bilatzen ari gara».

Irakurle taldea

Hilabetean behin irakurle taldea liburutegian elkartzen da «liburu jakin baten inguruan solastatzeko. Izugarri polita da. Liburutegien Sareak eskaintzen dizkigu liburuak eta horrela, gure kontura irakurriko ez genituzkeen liburuak irakurtzera animatzen gara».

Taldean «bakoitzak bere iritzia ematen du. Sor daitezkeen ikuspuntu eta iritziak entzutea esperientzia aberasgarria da. Taldean dagoen errespetuzko giroa azpimarratu nahi dut, inork ez du inor epaitzen esandakoarengatik, eta askatasun osoa dugu. Giro ezin hobea!».

Gainera, «beste irakurle talde bat sortu dugu Okillen aritzen diren lagunekin, Pabloren eta Pilartxo irakaslearen laguntzarekin. Ostegunero ipuinak eta istorioak kontatzeko elkartzen gara, eta gustura ibiltzen dira. Leitzara iritsi nintzenean ez nuen inor ezagutzen, eta Okilleko taldekideek asko lagundu ninduten. Asko maite ditut!».

Gizartera egokituz

Azken urteotan liburutegi publikoaren irudia «asko aldatu dela» dio Artetak, «jada ez da ikasteko isiltasuna nagusi den tokia, edo liburuak eraman eta itzultzeko balio duen lekua. Orain parte hartze sozialerako topaguneak dira. Formula berriak aurkitu ditugu jendeari irakurmena hurbiltzeko». Izan ere, «erritmo bizian aldatzen ari den gizartera egokitu behar dugu. Zerbitzu publikoa gara eta gaur egungo aniztasun sozial eta kulturala kontuan hartuta, ahalik eta zerbitzurik zabalena ematen saiatu behar dugu».

Hala ere, Leitzako liburutegiak badu zer hobetu; «kokapena, adibidez. Orain dagoen lekua oso atsegina eta argitsua da, baina nabaritzen da herritik aparte dagoela. Badago proiektu bat liburutegia lekuz aldatzeko, baina oraingoz luzerako da». Horrez gain, «ikasleak ez molestatzeko bereizitako gela bat behar dugu».

Herriz herri

Baina eraikinetik kanpo, liburutegi ibiltarian ere aritzen da Arteta; «Arkaitzek, lehenagoko liburuzainak, jarri zuen egitasmoa martxan. Hilean behin Goizuetara eta Aranora joaten naiz euskarazko irakurmena bultzatzeko asmoz, eta oso erantzun ona izan du».

Gainera, «Aresoko Lore irakaslea nirekin harremanetan jarri zen eskolan irakurzaletasuna sustatzeko asmoarekin, eta hilabetean bitan jarduerak antolatzea erabaki genuen: ipuinak, jolasak… giroa bikaina da eta oso gustura aritzen naiz».

Etorkizunera begira, «proiektu hauekin jarraitzeko asmoa dut momentuz, eta ume eta gaztetxoentzako ipuin lehiaketak eta filosofia tailerrak ditut burutan. Ikusiko dugu…».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun