Bestak 2023

Pestetako txupinazoa botatzeko hiru aukera proposatu dituzte Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 21a, 13:30

IƱaki Perurenak 2019an bota zuen txupinazoa.

Herritarrek proposatutako izenen artean, Leitzako Pesta Batzordeak hiru hautagai aukeratu ditu, eta herritarrek horien artean aukeratu beharko dute boto bidez: Atekaberts bertso eskola, Karlos Agirre Aurrera elkarteko lehendakari ohia eta Kaxkabeltza Leitzako komertzioen elkartea dira hiru proposamenak.

Herritarrek ostiralera arte Internetez eman ahal izanen dute botoa, eta paperean nahiago duenak ostiral arratsaldean plazan izanen du horretarako aukera. 16 urtetik gorakoek eman dezakete botoa.

Hiru hautagaiak

Bertso eskola

2001ean sortu zenetik hainbat neska-mutiko pasatu dira Leitzako bertso eskolatik eta horregatik aukeratu dute hautagai. «Herriko bertsozaletasuna eta euskara sustatzen egin duten lana aintzat hartzekoa delako eta goraipatzekoa delako taldeko zenbait kidek Nafarroako eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetan egindako lana. Herriko ekitaldietan duten presentzia ere azpimarratzekoa da».

Karlos Agirre Zubitur

Hamarkada askotan Aurrera Elkarteko lehendakari izan da Karlos Agirre Zubitur, eta Pesta Batzordearen irudiko, «gure herriko bizitzan eta herrigintzan eragile sozial eta kultural honek urte hauetan egindako ekarpena ezinbestekoa izan delako, aitortza egiteko modu ederra litzateke».

Kaxkabeltza elkartea

2009an sortu zen Kaxkabeltza Leitzako komertzioen eta denden elkartea, eta Pesta Batzordeari nabarmentzekoa iruditzen zaio «Leitza bizirik mantentzeko tokiko merkataritzatik egiten duen ahalegina. Herrian bertan kontsumitzeak duen garrantzia azpimarratu eta herriko dinamika ekonomiko eta sozialean zuzen-zuzenean eragiten duela» gaineratu du, «komertzio txikiarentzat hain zailak diren garaietan».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun