San Juan bezpera ohi bezala pesta giroan ospatuko dute leitzarrek

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 21a, 14:00
Leitzarrak San Juan bezperan 2019an.

Arratsaldean umeen ingurutxoa izanen da, gauean herri afaria eta gauerdian suak piztuko dituzte. Ingurutxorako hainbat entsegu egin dituzte azken egunetan, eta horietan azkena gaur eginen dute, 17:00etan eskolako atarian. 

Egun berezia izaten da San Juan bezpera Leitzan, umeak, gazteak eta helduak biltzen dituen hitzordua. Aurten ere pesta giroan ospatzeko egitaraua prestatu dute Aurrera elkarteak eta udalak elkarlanean.

Arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. Hasteko, 18:30ean, umeek ingurutxoa dantzatuko dute plazan, eta ondoren, txistor opilak eta freskagarriak banatuko dituzte.

21:30ean mahaian bueltan bilduko dira eta herri afaria eginen dute plazan. Afalondoa dultzaineroek alaituko dute eta eguna borobiltzeko, gauerdian suak piztuko dituzte, horiek ere plazan.

Afarirako hainbat ohar zabaldu dituzte Leitzako Udalak eta Aurrerak. Udalak baxera, ogia, edaria, mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, eta Aurrerak, aldiz, kafea eta kopa. Plastiko eta hondakin gutxiago sortzeko bi aukera izanen dira: norberak bere etxeko baxera plazara eramatea, edo udalak eskainitako baxera konpostagarria erabiltzea. 

Udalak eskainitako baxera konpostagarria, ogia eta edaria sarreran eskuragarri izango dira. Kopa jasotzeko, talde bakoitzeko bi kide bertaratu beharko dira. Horretarrako, pitxerrak edo txarroak, lagun talde bakoitzak eraman beharko ditu. Gainera, oroitarazi ditu adin txikikoei ez zaiela alkoholik emanen.

Afalondoan, lagun talde bakoitzak hondakinak eduki ontzietan sailkatu eta botako ditu, eta mahaia bildua eta garbia utzi behar da.

Udalak oroitarazi du ez duela bere gain hartuko suaren ondorioz gerta litezkeen erredura edo bestelako kalteen erantzunkizuna.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun