Besteak beste, ingurunea errespetatzeko sentsibilizazioa lantzeko hezitzailea kontratatuko dute eta panelak jarriko dituzte. Horrez gain, Ugaldetxoko aisialdi gunean hainbat neurri onartu dituzte eta Fagollaga eta Arranbide guneetan hainbat lan eginen dituzte. Gisa berean, arauak betetzeko eskatu dute.
Ingurunea errespetatzeko sentsibilizazioa lantzeko hezitzailea
Udako hilabeteetan Urumea ibaian dauden aisialdi guneetan hezitzaile bat kontratatuko dute udalek, ingurune naturala errespetatzearen garrantziaz ohartarazteko sentsibilizazio ekintzak egin ditzan. Besteak beste, hainbat tailer eta jarduera dinamizatu beharko ditu erabiltzaileekin, baita behaketa erregistroa egin edo erabiltzaileei buruzko informazioa biltzeko inkestak egin eta araudiari buruzko informazioa eman ere. Hezitzaileak uztailetik irailera eginen ditu sentsibilizazio lanak.
Panel interpretatiboak
Urumea ibaiaren inguruan dagoen ondare naturalaren garrantzia aintzat hartzeko, sei panel interpretatibo jarriko dituzte udan. Informazio orokorra emateaz gain, panel bakoitzean bertako fauna eta flora berezigarriari eta ondare kultural aipagarriari buruzko edukiak landuko dituzte. Aranon eta Goizuetan jarriko dituzten panelen kasuan, Nafarroa Ezagutu Sareren dirulaguntza jasoko dute.
Ugaldetxoko aisialdi gunea
Ugaldetxoko gunean neurri batzuk hartu dituzte.
- Ibilgailuz joanez gero, erreserba egin beharko da Hernaniko Udalaren web orrian. Hiru egun baino gehiagoko tartean ezin izanen da erreserbarik egin.
- Egun osorako erreserba egiten da, 12:00etatik 20:00etara. Baina ordutegi hori aldatuko dute ibaian eta ingurune horretan jarrera desegokiak eta naturaren kontrako egoerak identifikatzen badituzte.
- Gehienez 40 autorentzako erreserba egin ahal izanen da.
- Komunak jarriko dituzte. Berrikuntza gisa, aurten komun lehorrak jarriko dituzte.
- Ekainaren 15etik irailaren 24ra izanen da erabilgarri gunea.
- Erabilera arauak gogoratzeko kartelak jarriko dituzte.
Fagollaga Hernani) eta Arranbide (Goizueta) guneetan egokitze lanak
Fagollagako aparkalekuan gunea egokitzeko eta naturalizatzeko obrak eginen dituzte. Eremuan ibilgailuen eragina gutxitzea, erabiltzaileen jarrera desegokiak ekiditea eta lur ekosistema hobetzea helburu dituzten obrak izanen dira.
Arranbideko gunean, berriz, Añarbeko presako sarreran, degradatutako guneak hobetu eta motordun ibilgailuen eragina gutxitzea helburu dituzten zenbait lan eginen dituzte. Hala nola, egurra pilatzen den puntuetan garbiketa lanak eginen dituzte, inguruko lurra egonkortu eta hainbat tokitan neurri handiko harriak jarriko dituzte. Kasu honetan ere, Nafarroa Ezagutu Sareren dirulaguntza hartuko dute.
Arauak errespetatzeko eskaria
Lau udalek eta Nafarroako Gobernuak eremu horretan indarrean dauden arauak errespetatzeko ere eskatu dute.
- Sua piztea eta barbakoa egitea debekatua dago.
- Kanpatzea debekatua dago.
- Txakurrak libre ibiltzea debekatua dago; ingurune babestua da.
- Sortutako hondakinak bildu eta eraman behar dira.
- Ezin dira tresnak ibaian garbitu.
- Ibilgailuak baimendutako aparkalekuetan bakarrik utzi daitezke.
- Animaliak, landaredia eta ingurune naturala errespetatu eta zaindu behar dira.
- Bizikidetza eta ordena publikoko arauak errespetatzeko eskatu dute, eta bertako bizilagunekin errespetatuz jokatzeko eskatu dute.
Aranoko Udalak, bestalde, azken euriteek sortutako kalteak direla eta, udan hainbat obra eginen dituztela jakinarazi du. Hori dela eta, Urumea bailarara hurbiltzen direnei kontuz ibiltzeko eta oharrei kasu egiteko eskatu die.