Greziako kostaldean, migrazio egoeran zeuden ehunka pertsona daude hilda edota desagertuta une honetan, 750 pertsona inguru zeramatzan ontzi bat hondoratu baitzen asteazkenean. 2014tik 20.000 pertsona baino gehiago erail ditu injustizia honek. Injustizia hau salatu, elkartasuna adierazi eta Europa zein Euskal Herria harrera herri bilakatzea aldarrikatuz, 160 leitzar inguru bildu ziren ostiral iluntzean hainbat eragilek plazan deitutako elkarretaratze isilean.
Zehazki, Elikadura Bankua, EHME, Jaiki abesbatza, Lañaidek, ALKE, Aurrera Elkartea, LHL, Jubilatu Elkartea, Gazte Asanblada, LeitzEKO, Habelarte, Tximutxe Euskara Taldea, Atekaberts Bertso Eskola, Ernai, Sastrakak, Leitzako Sare Herritarra, Atekabeltz Herrigunea, LAB Torraspapel, ELA Torraspapel, Torrea, Jardun, EH Bildu Leitza, EA Leitza, eta Sortu Leitza erakunde eta eragileek deitu zuten elkarretaratzea.
«Tragedia hau ez da istripu bat, Europar Batasunean erabakitako migrazio politiken ondorio baizik. Are gehiago, mendebaldeko sistema neoliberalak behartzen ditu pertsona hauek migraziora, bizi baldintza duinen bila» adierazi zuten elkarretaratzean.
Modu berean, «Mediterraneoa herrialde, herri eta kultura desberdinak lotzen dituen itsasoa izatea nahi dugu, ez hilotzen urtoki bat» aipatu zuten.