Ane Taberna Etxeberria

«Ahoz aho transmititu diguten istorioari ipuin forma eman diot»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 18a, 08:00
Ane Taberna Etxeberria bere ipuina eskuetan duela. Argazkia: Maialen Apezetxea.

Ane TABERNA ETXEBERRIA, 'Ni ez naiz zomorroa' ipuinaren egilea

Garai bateko ikazkinen bizimodua eta Zahagi Dantzaren jatorria hizpide hartuta, liburua argitaratu du Tabernak. Hasiera-hasieratik arrakasta haundia izaten dira.

«Aspalditxotik buruan nuen ideiari» forma eman berri dio Ane Taberna goizuetarrak, eta Ni ez naiz zomorroa album ilustratua argitaratu du. Garai bateko ikazkinen bizimodua eta Goizuetako Zahagi Dantzaren jatorria bildu ditu bere lehenbiziko lanean, eta gustura gelditu da «herriari ekarpentxoa eginda».

Nolatan sortu zitzaizun ideia? 

Aspalditik nuen buruan bueltaka, beti sumatu izan baitut herriko inauteriei buruzko materiala falta zela. Horrez gain, Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, eta Euskal Herriko inauteriak lantzen ditugunean, askotan galdetzen dugu pertsonaiak nondik sortuak diren. Hala sortu zitzaidan ideia.

Zer kontatuko zeniguke mamiaz? 

Alde batetik, garai bateko ikazkinaren bizimodua ageri da, eta bestetik, Goizuetako Zahagi Dantzaren istorioa. Amona batek Goizuetako haur batzuei kontatzen dien istorioa da eta ikazkinaren bizimoduaren barrenean, ikatza lortzeko prozesua azaltzen da, txondorra nola egiten den eta ikatza nola lortzen den. Eta ondotik, zahagi dantza nola sortu zen bildu dut.

Beraz, errealitatea eta fikzioa... 

Bai, hori da. Azken batean, ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den istorioa da. Horri ipuinaren forma eman diot.

«Ahoz aho transmititu dizkiguten istorioak kultur ondare garrantzitsuak dira, altxor haundia»

Zenbateko garrantzia dute ahoz aho transmititu diren istorio horiek? 

Niretzat izugarria. Kultur ondare garrantzitsuak dira, altxor haundia, nondik heldu garen azaltzen eta nortasuna ematen digutenak. Askotan, ahoz aho transmititzen denak bidean galtzeko arriskua du.

Goizuetan ere arriskuan zegoen? 

Ez. Herrian inauteriak oso maitatuak dira, eta istorio hau ere ahoz aho ondorengoei zabalduz segitzen dugu. Orain, ipuinarekin, esku artean edukitzeko euskarri bat ere izanen dugu.

«Goizuetan inauteriak oso maitatuak dira, eta istorio hau ere ahoz aho ondorengoei zabalduz segitzen dugu»

Txondor Egunaren bueltan argitaratu izana kasualitatea izan da? 

Berez, inauterien aurretik argitaratu nahi nuen, ez banion zentzurik ikusten beste data batean ateratzeari. Baina prozesua luzatu zen eta ezin izan nuen. Aurten, Txondor Eguna antolatu zutela jakin nuenean, data egokia ikusi nuen.

Zenbateko prozesua izan da? 

Lehenbizi idazten hasi nintzen eta idatzitakoari buelta asko eman dizkiot. Idatzitakoak nolabaiteko forma hartu zuenean, ilustratzaile bila hasi nintzen, eta gustukoa harrapatu nuenean nola argitaratu begira. Nahiz eta autoedizioa izan den, 1545 argitaletxekoen laguntza haundia jaso dut, beraiek bideratu didate. Gauza bat eta beste, urte bat eta erdi pasatu izanen dut. 

«Oso pozik eta eskertua nago. 200 ale baino gehiago atera eta denak saldu ditut»

Zer moduzko harrera izaten ari da? 

Bikaina. Oso pozik eta eskertua nago. Guztira 325 aleko tirada atera dugu eta oso ongi saltzen ari dira. Online ere eros daiteke.

Haurrei zuzendutakoa da? 

Berez, bai, album ilustratu bat da, marrazki asko eta testu gutxirekin. Eta nahiz eta Goizuetan kokatua den, Euskal Herriko edozein herritan kontatzeko modukoa da. Herriko kasuan bertako istorio bati buruzkoa izanda, goizuetar guztientzat aproposa izan daiteke.

Ipuinetan motz idazten jakin behar da. Erraza izan da? 

Hasieran testu oso luzea idatzi nuen, ilustratzaileari orrialde bakoitzean zer adierazi nahi nuen transmititu nahi bainion. Ilustrazioen eskema egindakoan, testuak eta irudiak mezu bera eman ez zezaten, testua egokituz eta murriztuz joan nintzen. 

Egunerokoan idazten duzu? 

Idatzi bereziki ez, irakurri asko, helduen eta haurren literatura. Lanean egunerokoan ipuinak asko erabiltzen ditut eta niretzat erosi ere egiten ditut.

Irakaslea izanda, nolako ekarpena egiten diete ipuinek haurrei? 

Gaiak lantzeko, hizkuntza lantzeko, mezua eta kultur ondarea transmititzeko... Baliabide onak dira. Modu dibertigarrian gauza asko transmititzen dituzte eta asko gustatzen zaizkit.

«Bertan sortutako euskarazko literaturari bultzada eman beharko genioke»

Nola ikusten duzu haurren euskarazko literatura? 

Ipuin ederrak eta askotarikoak argitaratzen dira, bai beste hizkuntzatatik itzulitakoak, baita bertan sortutakoak ere. Dena den, kontsumitzaileok bertan sortutakoei bultzada eman beharko genieke, idazleek gehiago sortzeko aukera izan dezaten. 

Emaitzarekin gustura gelditu zara? 

Bai, arrunt pozik. Eskuetan lehenbiziko aldiz ipuina hartu nuenean poza eta emozioa sentitu nituen, egindako lanak fruitua eman duela ikusita. 

Ipuin gehiago etorriko dira? 

Auskalo! Zerbait akaso bai, badut zerbait buruan, baina ez dakit oraindik forma hartuko duen edo ideia hutsean geldituko den. Burua beti martxan dut.

Zerbait gaineratuko zenuke? 

Eskerrak emateko aprobetxatu nahi nuke; batetik, 1545 argitaletxeari eta Goizuetako Udalari, udalaren dirulaguntza ere jaso nuelako proiektua aurrera eramateko. Eta bestetik, ipuina argitaratu aurretik irakurri duten lagunei ere eskerrik asko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun