Denboraldi bikaina izan da Leitzako Aurreraren izenean areto-futbolean jokatu duten bi taldeentzat. Aurrera B taldeak, Nafarroako ligako partida guztiak irabazi zituen, bai hasierako fasean, baita txapeldunen fasean eta ligako txapeldun izan zen. Aurrera A taldea ez zen txapeldunen faserako sailkatu, baina kopako finaleraino ailegatu zen, nahiz eta Tafallako Tafatrans taldearen kontra galdu egin zuen (3-5).
Nafarroako txapeldun izan ondotik, asteburu honetan Katalunia aldean ibili da Aurrera B taldea, Espainiako areto-futbol txapelketarako aurresailkapen fasean, beste lurraldeetako txapeldunekin batera. Zehazki, Manresako Pujolet taldean aritu da eta Balear uharteetako Entreculturas Montesión, Aragoiko Sala 10 Zaragoza eta Manresa bertako Covisa Manresa izan ditu arerio. Hiru partidak galdu arren, gustura bueltatu dira Leitzara eta etorkizunera begira ere, beste helburu polit bat ere badute.
Uztailaren 2an Valladolidera
Izan ere, uztailaren 2an Valladolideko Pedrajas de San Esteban herrian bertako klubak antolatutako txapelketa batean parte hartuko dute Aurrera B taldekoek. Bidaiak eta egonaldiak sortuko dituen gastuei aurre egiteko zozketa ere antolatu du Aurrerak. Txartelak euro batean Maomurren salgai jarri dituzte eta ekainaren 26an erabakiko da zein den saritua: ONCEko egunerko kupoiaren zozketako azken hiru zenbakiekin bat egiten duen txartela izanen da sariduna. Irabazleak kirol dendan gastatzeko 100 euroko erosketa txartela eta urdaiazpikoa jasoko ditu.