'Euskara nafar guztiona' dela aldarrikatzeko larunbatean Iruñean eginen den festara joateko deia egin dute leitzarrek

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 8a, 15:00

Euskararen etorkizunari besta eta jai giroan ongietorri erraldoia eman nahi dio Sorionekuak euskararen aldeko dinamika herritarrak, eta larunbat honetan, ekainaren 10ean, egun osoko egitaraua prestatu du. Horrekin bat eginez, murala margotu eta larunbatean Iruñera joateko deia egin dute leitzarrek.

Egun berezia izatea nahi dute bultzatzaileek eta «euskararen aldeko taupada indartsu bat sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian. Irulegiko eskuaren aurkintzak zerbait erakutsi baitigu hori baita: Nafarroa da euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izanen da».

Urtarrilean aurkeztu zuten Sorionekuak, eta «hazten eta zabaltzen joan den egitasmoa» izan dela diote sustatzaileek: «hilabete hauetan, beste hainbat hainbat herritarrek ere lekukoa hartu dute, denok baikara 'sorionekuak'. Euskararen aldeko alea jarri dute hamarnaka eta hamarnaka herritarrek, Nafarroa osoko lagunek, haien herri eta eskualdeetan».

Larunbatera begira, «Nafarroa osoko herritar, herri, eskualde eta eragileei» egin diete deia «haien herrietako jai, berezitasun eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera ekartzeko: norberak bere herriko zapia ekartzeko, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri edo dena delakoa».

Egun osoko egitaraua
  • 11:00etan eskulan tailerra Bosquecillo parkean, Eskuahaldunak elkartearen eskutik.
  • 11:00etatik 14:00etara puzgarriak eta gazteentzako jolasak Bosquecillo parkean.
  • 11:30ean erraldoien kalejira Bosquecillo parkean.
  • 12:00etan Topadantzak Bosquecillo parkean.
  • 12:00etan DJ Bermuta LABAn.
  • 12:30ean Gora Bihotzak! haurrentzako ikuskizuna Bosquecillo parkean.
  • 13:00etan Kantuz.
  • 14:00etan bazkari herrikoia Arrano elkartean. Txartelak 15 eurotan daude eta erreserbak egiteko Whatsappa bidali 626 25 25 40 telefonora.
  • 16:30ean Igandea txaranga Bosquecillo parkean.
  • 17:30ean mobilizazio herritarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun