Zinegoak jaialdiko film laburrak gaur arratsaldean Leitzan ikusgai

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 8a, 09:30

Zinegoak Bilboko Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen LGTBIQ+ Jaialdia da eta aurten ere, herriz herri jaialdi horretako hainbat film labur ikusteko aukera izanen da. Tartean, Sastrakak Leitzaldeko Feministek antolatuta, gaur Leitzan sexu aniztasunari buruzko sei film labur pantailaratuko dituzte.

20. urteurrena beteko du aurten Zinegoak jaialdiak, eta aurtengoak hainbat berritasun izanen ditu. Urtero bezala, herriz herri zabalduko dituzte lanak, baina kasu honetan, hedapena Bilboko jaialdia baino lehen eginen dute. Maiatz hasieratik ekainaren 30era arte, Euskal Herriko 50 herritan ibiliko da Zinegoak ibiltaria, Euskal Herrian sortutako eta kanpoan egindako lanak zabalduz.

Leitzako kasuan, gaur 19:00etan Herri Aretoan sei film labur ikusteko aukera izanen da:

  • Perpetua felicidad (Isa Luengo eta Sofia Esteve Santoja): Almak hamabost urte ditu. Herriko abesbatzan abesten du, eta hasia da bere sexualitatearekin konektatzen. Haren aita Kikek, abesbatzako zuzendariak, ahotsa galdu du, laringektomia baten ondorioz. Udako jaietarako elkarrekin prestatzen duten kontzertua hurbildu ahala, aita-alaben arteko tentsioak gero eta handiagoak izanen dira.

  • Ezohikoak (Alejandra Bueno): Euskal Herrian hazkuntza prozesuan euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.

  • Son (Marta Nieto): Anak ez daki nola tratatu bere sei urteko seme Son, eta mendi ibilalditxo bat egitea erabakiko du, elkar nolabait aurkitzeko asmoz. Bidean, labirinto batean galduko dira, eta beren arteko harremanaren nahasmena, inkontzientzia eta tentsioa berpiztuko dira: iraganeko zauriak ireki ahala, haiek sendatu eta beren burua aurkitzen hasiko dira.

  • Dating internet strangers (Eduardo Wahrhaftig): Dozenaka milioi pertsona ari dira erabiltzen hitzordu aplikazioren bat. Kontakizun honetan, zenbait erabiltzailek hitzordu on eta txarrei buruzko istorioak, eta smartphonen aroan ligatzeari buruzko iritziak partekatzen dituzte.

  • Arnasa (Raul Barreras): Muino batean eserita, Inaxiok emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea adierazten du bertso baten bidez. Ekaitz biloba baserrira itzultzen da aitonaren kantuak deituta, aitona bera eta honen animaliak zaintzera. Biek, inguruaren ikuspegi ezberdinekin, berriro bat eginen dute eta etorkizuneko zailtasunei aurre eginen diete elkarrekin.

  • Irrits (Maider Oleaga): Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun bero batean, Clarak irrikaz musukatuko du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean ibiliko da gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest egonen da Clarari jarraitzeko, hark nahi duen tokiraino.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun