‘Ni ez naiz zomorroa’ ipuina idatzi du Ane Taberna goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 1a, 10:00

Ane Taberna goizuetarra, 'Ni ez naiz zomorroa' bere lehen liburua eskuetan duela.

Ipuina larunbat honetan jarriko du salgai Mendialdeko Azokan

Ni ez naiz zomorroa du izenburutzat Ane Taberna Etxeberria goizuetarrak idatzitako eta argitaratutako lehen ipuinak. Bertan, besteak beste, garai bateko ikazkinen bizimodua eta Goizuetako inauterien ikurra den Zahagi Dantzaren jatorria kontatzen du. Ilustrazioak Karmele Gorroño 'Irrimarra'k egin ditu. 

Haur Hezkuntzako irakaslea da Ane Taberna eta ipuinekin lan egitea gustatzen zaio. Aipatu duenez, faltan botatzen zuen Goizuetan hain maitatuak eta beretzako bereziak diren inauteriei buruzko materiala. Hortaz, gure arbasoengandik guganaino ahoz aho iritsitako istorioa bildu eta ipuin forma emateko erabakia hartu zuen duela urtebete inguru. 

Prozesua luzea izan dela ere esan du, baina emaitzarekin arrunt pozik gelditu dela azpimarratu du. 

Ipuina erosi nahi dutenek larunbat honetan ospatzekoa den Txondor Egunean izango dute aukera, postua jarriko baitu Mendialdeko Azokaren barruan. Bertan izaterik ez dutenek telefono bidez eskaera egiteko aukera izanen dute 618 32 31 62 zenbakira idatzita. 

Goizuetako Udalak, herriko kultur ondarea biltzeko egindako lana eskertu asmoz, diru-laguntza eman dio ipuina argitaratu ahal izateko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun