Egitaraua
Lasterketa herriko plazan hasi eta bukatuko da, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik pasatu ondoren. 08:00etan hasiko da, baina hori baino lehen dortsalak banatuko dituzte: ostiralean, hilaren 2an, 17:30etik 20:00etara eta lasterketa egunean, 06:00etatik 07:30era. 07:30etik 07:55era korralitoa izanen da eta 07:45ean omenaldia.
Aurten Errigora omenduko dute, «Euskal Herriaren izena eta izana zabaldu, sendotu eta errotzeagatik egiten duen ekarpenagatik». Antolatzaileen hitzetan, «Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora, eta bete-betean egiten du bat EHMEren izaerarekin eta balioekin». Omenaldiaren ondoren lasterketa hasiko da aurrenekoa 14:00 aldera ailegatuko dela aurreikusi dute. 15:00etatik 21:00etara lasterkarientzako paella banatuko dute eta 20:00etan sariak. 21:00etan lasterketa bukatutzat emanen dute.
Bi modalitate
Edizio honek ere bi modalitate izanen ditu; batetik 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibela duen lasterketa; eta bestetik, errelebo lasterketa. Kasu horretan, lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarreraino egin beharko du (32,8 km eta 4.700 metroko desnibela), eta bigarrenak Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 metroko desnibela). Ibilbideko punturik altuena Irumugarrieta izanen da (1.431 m) eta ibilbide osoan, helmugaz gain, bederatzi anoa gune jarriko dituzte. Aipatzeko beste datu bat: lasterketa osoan 400 boluntariotik gora ariko dira lanean.
Lasterketa ikusteko lekuak
Lasterketa ikusi nahi duenak hainbat aukera izanen ditu. Leitzan irteeran eta helmugan; Gorritin (aurrenekoa 08:45 aldera espero dute); Arriben (09:15), Gaintzan (09:30), Albin (11:00), Putzuzarren (11:30), Lekunberrin (12:30) edota Berueten, Iontzan (13:45). Dena den, Gaintzara baimendutako kotxeak bakarrik joaten ahal izanen dira eta hala, taxiak jarriko dituzte Arriben Gaintzara joateko.
Etiketa Berdea
Etiketa Berdea proiektuarekin ere bat egin dute EHMEkoek: «inguruarekiko eta urkoarekiko errespetuzko jarrera bilatu nahi duen aldarriarekin», hain zuzen. Baita konpromisoa ere: «trukean ezer jaso gabe apustu egitea. Ondorengoei mundu hobea uztearen ustea baino ez». Finean, «elkarbizitzan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako lasterketen aldeko manifestua da Etiketa Berdea».