Ekainaren 3ko EKOmerkatuak Goizuetako betizu haragi ekologikoari balioa emanen dio Iruñean

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 31a, 16:00

Goizuetako betizu haragia izanen da protagonista larunbatean Iruñean eginen den EKOmerkatuan.

Datorren larunbatean, ekainak 3, Iruñeko EKOmerkatuak Betizu haragiari eskainiko dio jardunaldia. Hilero joaten da Domiña Goizuetako abeltzaintza ekologikoa EKOmerkatura, betizu haragiarekin eta txorizoarekin.  Zatoz eta dastatu dastaketa gunean probatzeko aukera izanen da larunbatean.

Maite Sanchezek Domiña Abeltzaintza Ekologikoa abeltzaintza-ustiategia sortu zuen 2000. urtean, bere hiru seme Garazi, Anxo eta Indarrekin batera, eta Betizu arrazako behiak hazten eta salmenta zuzena egiten aritzen dira. Betizuak, behi izua esan nahi du, eta arraza autoktono, erdi basati eta desagertzeko arriskuan dago. Domiñako behiak urteko 365 egunetan estentsiboan bizi dira Goizuetako mendietan, mendiak mantenduz eta sukaldaritzako balio handiko haragia lortuz. Abeltzaintza estentsiboa, basatia eta errespetuzkoa egiten dute. Domiñak EKOmerkatura azpizuna, xerra, txuleta, buztana, haragi txikitua eta txorizo gozoa eramanen ditu larunbat honetan.

Zatoz eta dastatu doako dastaketa gunean, Domiña txahalaren betizu haragia dastatu ahal izanen da. 12:00etatik 14:00etara izanen da, Geltokiren eskutik.

Betizuko haragiaz eta hestebeteez gain, Nafarroako produktu ekologiko ugari erosi ahal izango dira EKOmerkatuan: Lizarraldeko olioa eta garagardoak, Izurzuko eztia, Artzi bailarako ogia, Irunberriko ardoa, Imotz haraneko arrautzak, Munarrizko patata eta lekaleak eta Baztan, Andia, Altsasu eta Larrezabal Ecoko gaztak.

Gonbidatutako postu gisa, hilabete honetan Herbaria etorriko da, Artziko haraneko basa-loreekin koadro botanikoak egiten dituena, baita koaderno eta lamina botanikoak ere.

EKOtopaketa Europa jatetxeko Pilar Idoaterekin

Ostegun honetan, ekainaren 1ean, gainera, EKOtopaketa eginen da, azoka aurreko ostegunean ospatzen den sukaldaritza eskola magistrala eta ondorengo afari ekologikoa. Oraingoan, Europa Jatetxeko Pilar Idoatek Betizu haragiarekin plater bat prestatzen erakutsiko digu: Betizu behi ketua, txingarretan egina eta shiitake espagetiarekin gisatua, patata ekologikoa, barazkiak eta udako boilurra.

EKOtopaketan parte hartuko du Maite Sanchez  Domiñako abeltzainak, betizu behiak nola eta non hazten dituen azaltzeko. Hilero bezala, ikasitako errezeta eta Geltokik egindako beste hiru (bi gazi eta gozo bat) dastatuko dituzte.

EKOtopaketaren informazio gehiago eta erreserbak:

https://ekomercado.org/eu/ekotopaketa/

 

EKOMERKATUKO EKOIZLEAK
EKAINAK 3. 10:00-14:00
  • Elkea. Lekaleak, garagardoa, sagar-zukua. Bakedano eta Artaxoa.
  • Axuribeltz. Ardi-gazta. Iturgoien.
  • Gil Pagola. Olioa. Eulz.
  • Ekollaondo. Gazta eta arrautzak. Goldaratz.
  • Lakabeko okindegia. Ogia eta pastak. Lakabe
  • Pittika. Behi-gazta. Erratzu.
  • Javier Anocibar. Patatak eta txitxirioa. Munarriz.
  • Larrezabal Eco. Gazta. Altsasu.
  • Erlan. Eztia. Izurzu.
  • Domiña. Hestebeteak. Goizueta.
  • Azpea upeltegia. Ardoa. Irunberri.

POSTU GONBIDATUA

  • Herbaria. Basa-loreen koadro botanikoak. Artzibar.

 

Informazio guztia hemen: www.ekomercado.org.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun