Plazaola aldizkarirako azalak eta idatziak aurkezteko epea zabaldu du Leitzako Aurrera elkarteak

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 28a, 12:00

Herriko pestei begira jarria da Leitzako Aurrera elkartea, eta pestetan banatzen duen Plazaola aldizkaria martxan jarri du. Alde batetik, azal lehiaketa antolatu du, eta bestetik, edukiak biltzeko epea zabaldu du. Bi kasuetan lanak ekainaren 30era arte aurkezten ahal izanen dira.

Azal lehiaketa

16 urtetik beherakoek Plazaola-Leitzako aldizkaria-43. zenbakia testua jarri beharko dute eta 16 urtetik gorakoek Leitza 2023-Tiburtzio Donearen Pestak-43. zenbakia. Gutxienez A3 neurrian eginak izan beharko dute eta ekainaren 30a baino lehen Aurrera elkartean edo Maimur liburu dendan aurkeztu beharko dira.

Irabazleak bozketa publiko bidez aukeratuko dituzte eta aurrerago zehaztuko dituzte bozketa lekua eta egunak.

Edukiak

Pestetako programarekin batera, Plazaola aldizkaria prestatzen ere hasia da Aurrera elkartea, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die. «Idatziak, ipuinak, kontakizunak, kexak, komikiak, okerkiak, kezkak...» denetarik bildu nahi dituzte. Idatzitakoa aurrerake@hotmail.com helbidera bidali beharko da ekainaren 30a baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun