Banda zabala eskuragarri jarriko dute Leitzako herrigunean eta baserri auzoetan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 23a, 11:00

Banda zabalak Leitzako eremuan eskaini ahalko duen estaldura ageri da irudian. Argazkia: Leitzako Udalak utzitakoa.

Wïkai enpresa nafarraren bidez, Internet banda zabala eskuragarri izanen dute Leitzako herriguneko eta baserri auzoetako herritar gehienek, irrati seinale bidez. Informazioa biltzeko batzar irekia antolatu du enpresak eta bihar, maiatzaren 24an, Leitzako Udaletxean eginen dute.

Leitzako Udalak adostasuna lortu du Wïkai enpresa nafarrarekin, eta horri esker, banda zabala herriko etxe eta baserri gehienetara iritsiko da. Gainera, udalak jakinarazi duenez, seinalea ailegatzen ez zaien etxeei irtenbide pertsonalizatuak bilatzeko konpromisoa hartu du enpresak. Ehun mega arteko abiadura eskainiko du eta gainera, ETB ikusteko askotan sortzen diren seinale arazoei irtenbideak emanen omen dizkie.

Horri buruzko argibideak jasotzeko bihar, asteazkena, batzar irekia eginen dute, 19:00etan Leitzako Udaletxeko Batzar Aretoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun