Julian Zabaleta antolatzailea gustura ageri zen azokak izandako erantzunarekin: «postua jartzeko eskaera asko jaso genituen, ehundik gora. Horien artetik aukeraketa egin eta hogeita hamarri egin diegu tokia». Horretarako, «landutako materialez gain, material horrekin egiten den erabilera hartzen dugu kontuan. Egur zati batetik pieza handiak edo txikiak sortu baititzakete. Aniztasuna biltzen dugu». Euskal Herri osotik etorritako artisauak izan dira azokan eta Leitzaldekoak zortzi bat: «lehentasuna ematen diegu beti bertakoei».
Eskolako estalpean egin duten lehenbiziko artisau azoka izan da aurtengoa eta toki aldaketak harrera ona izan duela uste du Zabaletak: «asmatu dugu azoka hemen egiten. Jende asko ibili da goiz guztian zehar. Eguraldi iragarpenak kezka sortzen zuen, batez ere pasa den astean hemen bertan izan genituen euri jasak kontuan izanda». Logistika aldetik ere artisauentzat erosoago dela uste du: «plazan baino errazagoa baita hemen aparkatzea».
Estalpetik haratago, Amazabal pilotalekuan ere giro berezia sumatzen zen. Ehoziri topaketa egin zuten Liñu putzuren 25. urteurrena ospatzeko eta ehundik gora parte hartzaile elkartu ziren.
Eguna bukatzeko, Brun errementariak egindako Irulegiko eskuaren erreprodukzioa zozketatu zuten. 0057 zenbakia izan zen saritua eta hamar eguneko epea izanen du txartelaren jabeak saria eskuratzeko.
Ekainaren 10ean eginen duten Sagardo Egunarekin emanen diete bukaera 45. Kultur Aroari.