Goizueta-Hernani errepidea igande gauean zabaldu dute berriro, bi puntutan pasabide alternatiboak irekita

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 22a, 07:30

Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiak atzo Goizuetako eta Aranoko alkateei jakinarazi zienez, igandeko 22:00etatik aurrera, NA-4150 errepidea irekitzekoa zuten semaforoek erregulatutako txandakako bi pasabiderekin.

Asteburu osoan, errepideak zaintzeko Oronoz-Mugairiko eta Iruñeko taldeak lanean aritu dira bidea berriro irekitzeko. Larunbatean, 07:00etatik 22:00etara, hogeita hamar bat teknikari eta langile aritu ziren lanean, hiru garabi kamioi, hiru bobcat, bi gondola, hiru atzerako hondeamakina, aurrealdeko kargatzeko makina bat eta bost dumper erabilita. Igandeko lanak Aranon egin dira batez ere. Hogei bat teknikari eta langile aritu dira makina astunen laguntzarekin errepidea garbitzen, ezpondak sendotzen eta seinaleztatzen.

Aranoko baserrietako bide guztiak ere atzo ireki zituzten. Aranoko udala hasia da euriteen ondorioz kaltetutako pisten eta bideen inbentarioa egiten, gutxienez dozena bat. Nafarroako Gobernuak premiazko laguntza lehenbailehen bideratzea espero dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun