Udako tailerretan eta haur txokoan apuntatzeko epea ireki dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 20a, 10:00

Euskara Zerbitzuak utzitako argazkia.

Tailerrak eta haur txokoa uztailaren 3tik 28ra izanen dituzte eta matrikula maiatzaren 26ra bitarte egin beharko da.

Udan etxean ez gelditzeko gonbidapena luzatuz, beste urte batez udako tailerrak eta haur txokoa antolatu dituzte Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Euskara Zerbitzuak, Leitzako Udalak eta Nafarroako Gobernuak Leitzan.
 
Uztailaren 3tik 28ra lau txanda izanen dituzte aukeran: uztailaren 3tik 7ra, 10etik 14ra, 17tik 21era eta 24tik 28ra. Ikas mailaren arabera bi talde eginen dituzte: Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bestetik. 


Matrikula 

Izena emateko epea zabalik dago eta interesa dutenek maiatzaren 26ra arte egin beharko dute. Lehenbizi ordainketa egin beharko da eta ondoren, haur bakoitzari dagokion fitxa bete. Iparmank.eus webgunean dago eskura.

Prezioei dagokienez, aste eta ordu kopuruaren arabera aldatuko da. Horrez gain, bi senide matrikulatuz gero % 12ko deskontua izanen dute eta hiru senide edo gehiago matrikulatuta % 30ekoa. Hiru orduko (10:00etatik 13:00etara) edo lauko (09:00etatik 13:00etara) saioak izanen dira aukeran. Ordu kopuruaren arabera, aste baterako apuntatuz gero 38 euro (hiru ordu) edo 46 euro (lau ordu) ordaindu beharko dira; bi astetarako apuntatuta 68 euro edo 84 euro; hiru asterako izena ematen dutenek 95 euro edo 119 euro eta lau asteak hartuz gero 114 edo 143 euro. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, gizarte zerbitzuetara (948 51 08 40 edo 681 26 51 89 edo prebentzioa@lagagizartezerbitzua.org) edo Euskara Zerbitzura (948 51 08 14 edo laga@iparmank.eus) jo daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun