Alke kultur taldeak antolatutako Kultur Aroak aurrera jarraitzen du, eta igande honetan, maiatzaren 21ean, egutegian ongi finkatua den hitzorduak hartuko du lekukoa: XLIV. Eskulagintza Azokak.
Hainbat lanbidetan ari diren 30 bat artisau bilduko dira 10:00etatik 14:00etara. Berez, plazan egitekoa zen azoka, baina eguraldi iragarpenagatik, eskolako estalpean eta frontoian eginen dute. Horrez gain, Liñu-putzuren XXV. urteurrena gogoan, ehoziri topaketa eginen dute. Ehun bat lagun espero dituzte plazan ehoziri lanean. Saralegitarren taloek ere ez dute hutsik eginen.
Bestalde, igande honetako artisau azokan Brun errementariak egindako Irulegiko eskuaren erreprodukzioa zozketatuko dute. Txartelak Garbin, Hernandorena burdindegian, Lirainen, Astizen, Maimurren eta Mokadutxon eros daitezke. Hamar eguneko epea izanen da saria jasotzeko.