Irati Arozena goizuetarra txapeldunorde izan da III. Nafarroako Foru Komunitatea torneoan pilota goxoarekin

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 15a, 12:30
Irati Arozena eta Sonia Iris, txapeldunorde senior mailan pilota goxoarekin, Vianan jokatutako finalean.

Maiatzaren 13an Vianan jokatutako finalean, Sonia Irisekin batera, 9-18 galdu zuen Amaia Zarrabeitia eta June Urrutikoetxearen kontra

Emakumezkoen esku pilotako III. Nafarroako Foru Komunitatea Torneoaren barrenean, senior mailako pilota goxoko finala jokatu zuten maiatzaren 13an Vianan. Umore Onako Irati Arozena goizuetarra finalean izan zen, baina ezin izan zuen garaipenik lortu. Altsasuko Sonia Irisekin batera 9-18 galdu zuen Gernikako Amaia Zarrabeitia eta June Urrutikoetxearen kontra.

Aurretik finalerdia jokatu zuten eta horretan, Arozenak eta Irisek 18-16 irabazi zieten Errioxako Cristina Saenz eta Ibone Salinasi, lehia estuaren ondotik. Zarrabeitiak eta Urrutikoetxeak Ana Couto eta Saira Fernandez hartu zituzten mendean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun