'Winona & Grace' antzezlana taularatuko dute igande arratsaldean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 12a, 11:00
Argazkia: Khea Ziater konpainia

Ainhoa Artetxe eta Graciela Doriz dira Alex Gerediagaren eta Khea Ziater konpainiaren film eszeniko honetako protagonistak. Eta igandean, maiatzaren 14an, 19:00etan, Leitzako Herri Aretoan izanen dira.

Bi aktore gazte zuzendari ezagun baten etxean esnatuko dira, gauean parrandan ibili ondoren; burua nahastuta dute eta apur bat mozkortuta daude oraindik. Apartamentuan bakarrik eta giltzapetuta daudela ohartuko dira. Euren burua patuaren esku uztea erabakiko dute, eta elkarrekin biziko dituzten orduetan nor diren deskubrituko dute, eta ikusleak ere jakinen du: munduan leku bat aurkitzeko borrokan ari diren bi emakume…

Winona & Grace antzezlanak aktore izatearen nahiaz eta hori lortzeaz hitz egiten du. «Zer izan nahi dugu?» galdera egitetik «Nor gara?» galdetzera pasatuko dira. Helduak izateaz, hautsitako ametsez, etsipenez eta «norbait» izan beharraz ere mintzatuko dira antzezlanean.

Antzerkia ikusteko sarrerak online zazpi eros daitezke edo egunean bertan zortzi eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun