Are gehiago, oraindik gehiago sakontzen segitzen du. «Asko ikasi» duela dio, eta miresmenez mintzo da «hiketako Leitzako moldea, noka eta toka, era dotorean eta txukunean» erakutsi dioten herriko «hiztun jatorrez» . Haiei egindako elkarrizketekin osatu du liburua, haien «jakinduria eta euskara aberatsari» esker. Hiketan aritu zaizkio garai bateko kontuez, eta horrek Leitzako noka eta toka ikasteko eta duela 80 urteko herria nolakoa zen ezagutzeko bidea eman dio. Hori guztia bildu du Alke kultur taldeak argitaratu eta auzolanean egin duten liburuan.
Zergatik hasi zinen Leitzako hitanoa ikertzen?
Arrazoi asko daude, tartean, bizitzan jasotako zaplaztekoak edo markatzen zaituzten hutsuneak. Gazteak ginenean, gure belaunaldikoon artean, erdara nagusitu zen Leitzan. Gure auzoan, adibidez, baserritarren seme-alabak ginen eta gurasoek euskaraz eginagatik, guk erdaraz egiten genuen. Amak leihotik guri euskaraz zerbait esan, eta guk erdaraz erantzun. Hitanoari lotutako lehenbiziko zaplaztekoa, berriz, intsumiso garaian hartu nuen. Militarismoaren aurkako borrokan genbiltzan garai hartan, betiko afarien kontra, Inutillen aparie antolatu genuen. Kartelak toka egin genituen eta poz-pozik gelditu ginen. Denak ez, ordea. Dena toka egin izana leporatuz, neska bat sekulakoak esanez etorri zitzaigun. Harrituta gelditu ginen. Guk ez genuen nokaren arrastorik ere, ez genuen sekula aditua. Etxean atteri galdetu, eta «Jesus gizona, hori ez al dakizu? Deus ez dakizue!», erantzun zidan. Eta ez, guk ez jakinki. 90eko hamarkada zen eta ordurako ez zen aditzen. Baserriko emakumeak ostiraletako ferira etortzen zirenean haien artean aritzen ziren, baina gainerakoan ez. Garai berean, emakume taldea noka berreskuratzeko eginahaletan aritu zen eta erregistro horri buruzko jardunaldi bat antolatu zuen Torrean. Emakume batzuk elkartu eta hiketan aritu ziren. Huraxe izan zen Leitzako noka aditu nuen aurreneko aldia. Harrituta gelditu nintzen hizkera berezi eta polit horrekin. Etxean bertan genuen, eta erabat ezezaguna. Jakin-mina sortu eta gaia lantzeko bidea irekia gelditu zen.
Alke kultur taldean sartutakoan hartu zenuten gaia esku artean...
Beti izan nuen gurasoak hizketan ari zirenean gauzak apuntatu eta galdetu eta nire euskara hobetzeko joera. Umetan eta gaztetan alde batera utzia genuenez, hutsune haundiak sumatzen nituen eta attek deus ez nekiena esaten zidanean, «arrazoia dik» pentsatzen nuen. Nire semeak koskortu zirenean, 2008an, Alke Kultur Elkartean sartu nintzen eta orduan hasi nintzen gehiago sakontzen; ez hizkuntzaren gaian bakarrik, baita herriko kultura, sinesmenak, orantzaroa eta inauteriak ikertzen ere. Leitzako ohitura zaharrei buruzko ikerketa bat egin genuen 30-40 bat lagun elkarrizketatuz, eta hor ikusi nuen garai bateko istorioetan eta gertakizunetan, sorgin edo jentil giroko kontuetan, beti hikako forma eta normalean emakumeren bat ateratzen zela. Plazarako ikuskizun bat egiten hasi ginen, Leitzako pertsonaia mitologikoak Orantzarorekin elkartuko ziren ikuskizun bat. Horko elkarrizketak nahitaez toka eta noka izan behar zuten, jasotako testigantza guztietan beti horrela ageri zelako. Baina gidoiak prestatzerakoan, nokarekin zalantzak sortzen zitzaizkigun. Adizki formak ongi lotzen ote genituen jakitea falta zitzaigun eta gaia lantzeko beharra ikusi genuen.
Nokari buruz sakontzen hasi zinen...
Orain dela bi urte eta erdi, propio noka lantzea pentsatu genuen. Baserrietan oso hiztun onak bilatu nituen, era dotorean eta txukunean hiketan egiten zutenak; denak adin batetik aurrerakoak. Natural xamar noketan egiten duen hiztunik gazteena 70 urtetik gorakoa da. 80 urtetik gorakoak gehiago dira eta gehienak 85 urtetik gorakoak. Hori aprobetxatu beharra zegoen, galtzera zihoan. Liburuaren isla azaleko irudia bera da. Duela 70 urte inguru Leitzako plazan ateratako argazkia da. Lau lagun ageri dira eta bizirik dagoen bakarra nire ama da. Haiei egindako omenaldia ere bada liburua, horien izenak eta jakinduria joaten ari zaizkigulako. Harrigarria da horien euskara maila, inongo titulurik gabe, aberastasun haundia baitute. «Maixu tontoa hartu dok hik» esan izan didate, beraien burua gutxiesten dute, baina uste baino askoz gehiago dakite.
Auzolanean egindako liburua dela aipatu izan duzu...
Bai, elkarrizketa pila bat egin ditut, gehienak emakumeekin. Beraiek dira protagonistak. Elkarrizketak egitera beraien etxeetara joan naiz, kafea, gazta edo ardoa, beti zerbait atera didate; harrera zoragarria izan dut. Eta batzuengana hainbeste aldiz joanda, sekulako lagunak egin gara. Konfiantza hartu dugu, eta etxean kontatzera ausartzen ez diren kontuak ere esan dizkidate. Auzolanean egindakoa dela diot herritar horiek orduak eta orduak eskaini dizkigutelako borondate osoz. Eta herritar horiez gain, baita hizkuntzan adituak diren laguntzaileek ere, baita neronek ere, den-dena, lan guzia, musu truk egin dugulako.
Izenburua azalduko zenuke?
Hasieran, Noka tokatzen jartzea pentsatu nuen, Leitzan «Noka tokatzen dun» esaten den bezala. Toka badakigula eta egiten dugula, baina noka ere tokatzen dela adierazi nahi nuen. Baina, azkenean, nokaz gain, toka ere jorratu nuenez, izenburua aldatu behar izan nuen. Alde batetik, hemengo jendeak erabiltzen duen Hika eta toka esamoldea hartu nuen, eta horri noka toka erantsi nion, emakumeen noka berreskuratzea eta erabiltzea tokatzen dela adierazteko. Jendeari gustatu zitzaion, eta ni neroni ere gustura gelditu naiz.
Liburuan, Leitzako hitanoaren adizkiak bildu dituzu, eta horiekin batera, esaldiak eta kontakizunak...
Alde batetik, gramatikaren arabera, adizkien taulak ageri dira, zuketan, noka eta toka Leitzan nola esaten diren. Edozein adizki bila daiteke tauletan. Bestetik, esaldiak daude, eta adizki guztiak esaldietan ageri dira. Baina benetako altxorra kontakizunetan dago. Gai asko jorratzen dira: aisia, auzolana, aziendak eta piztiak, bertsolaritza, elikadura, eliza, emakumea, eskola, estraperloa, familia, gerra, gertaera bereziak, haur kantak, heriotza, inauteriak, jendearen izaera, mitologia, lanbidea, osasuna, pobrezia, zelebrekeriak... Dena hiketan.
Horregatik diozu herria hobeki ezagutzeko balio duela?
Bai, harrigarria da zenbat gauza ikasi ditudan. Euskararen aberastasuna nabarmentzekoa da, baita hiztegiaren aberastasuna ere, eta bizitzeko era ere ageri da liburuan. Duela 80 urte Leitzako bizimodua nola zen jakiteko baliagarria da.
Kontu pertsonalak ere ageri dira...
Bai, bularra auzolanean nola ematen zuten, edo nola antolatzen zituzten ezkontzak gizasemeek beraien artean, tabernan alaba zeinekin ezkonduko zen erabakita. Edo zortzi urterekin mantenu truke etxetik ume asko bidali zituztela, eta familia batzuetan egurra ematen zietela ere bai. Oso kontakizun gogorrak daude, tartean gerra denborakoak.
Leitzako hitanoa berezia da?
Leitzakoak eta ingurukoek aberastasun bera dutela esanen nuke. Ikaragarria da hemengo hiztunen gaitasuna; edozer esateko, edozein kontaketa sakon egiteko gai dira hiketan, inolako arazorik gabe, adituek diotenaren aurka. Adizkiak ahalerazkoak, baldintzazkoak edo nor-nork, nor-nori-nork kasuetan... Guk zuketan bereizten ez duguna ederki erabiltzen dute hemengo zaharrek hiketan, zuzentasunez. Hiztun zaharren aberastasunak egiten du berezi. Eta Leitzan egin dugun lan hau Areson, Uitzin, Ezkurran, Eratsunen... eginen bagenu, antzera izanen litzateke.
Hitanoa galbidean ikusten duzu?
Bazter guztietan galtzen ari da. Gipuzkoan, herririk euskaldunenetan, hango dirulaguntzak eta babesa izanda ere, galbidean dago. Alde batetik, tokaren zuzentasuna galtzen ari da, hau da, eskualde euskaldunenetan ere gaizki erabiltzen da toka, eta bestetik, noka toki guztietan galtzen ari da. Fenomeno orokorra da. Leitzako kasuan, hemen toka asko egiten da, baina 50-60 urtetik beherakoak oso trakets aritzen dira. Adibidez, «Gure atte etortzen denean, joanen gattuk» esan beharko litzateke, eta «Gure atte etortzen dokenen, joanen gattuk» aditzen dugu. Adizki guztietan sartzen dute, eta menpeko esaldietan ez da erabiltzen. Euskaltzaindiak gutxi arautu du hitanoa, baina badira aholku batzuk eta horiek arautzat har genitzazke. 80 urtetik gorakoek hanka sartzerik gabe erabiltzen dute; batere eskolarik gabe, eta perfektu. Guk, berriz, eskolan ikasteko aukera izan dugu, inguru euskaldunean bizi gara, baina...
Bereziki noka galbidean dagoela diozu. Zergatik uste duzu?
Arrazoi asko daude, baina garrantzitsuena azken mendean emakumea oso zanpatua eta baztertua izan dela da.12-13 urtera arte jostatu eta koskortuz gero, desagertu. Batzuk moja edo neskato joaten ziren, besteak Gipuzkoara edo baserri batera ezkondu... Lagunik eta aisialdirik gabe gelditzen ziren, eremu irekietan libertaterik gabe eta etxeko giroan askatasun gutxi. Beraiek esaten dute gazteak zirenean denak toka eta noka aritzen zirela, baina gero, ezin inorekin ari. Eta orain zeinekin egiten duten galdetzen diezunean, lehengusu edo lagun batekin egiten dutela erantzuten dute, igual 30 urtean ikusi ez dutenekin.
Hitanoa gizartean baztertua dagoela esanen zenuke?
Ez dakit... Egia da gure ume garaian eta aurretik, apezak oso zorrotzak izan zirela. Leitzan bost apeza zeuden eta kontrol sozial haundia egiten zuten. Batek kontatu zidan apezak hiketan ez egiteko esan ziola, bekatua zela. Eta horrek ere bere eragina izanen zuen. Bestalde, herritarren eta eskoladunen artean, hiketan egitea baserritarren hizketatzat hartua izan da, ezjakinen hizketatzat.
«Noka bazter guztietan galtzen ari da»
Liburu hau hitanoa berreskuratzeko tresna eraginkorra izan daiteke?
Bai, zalantzarik gabe. Liburu honek zure kabuz ikasteko aukera ematen dizu. Eredu txukuna da eta Leitzako euskaran egina. Hiketan ikasteko etxekoa ikasi behar da eta liburu honen asmoetako bat bertako eredu bat izatea da. Horrez gain, zukako formatik hikara pasatzeko ohitura aldaketa egingarria iruditzen zait. Nahia, gogoa eta grina izanez gero, egin daiteke. Duela 30-40 urte euskara, haur eta gazteen artean, baztertua genuen. Horri buelta eman genion, eta orain, zergatik ez ikasi eta erabili hiketako moldea?
Nolako erantzuna izan du liburuak?
Aurkezpen eguna izugarria izan zen. Adin guztietako ia 80 lagun bildu ziren. Bizpahiru bideo jarri nituen eta jendeak primeran pasatu zuen. Hitzaurreetako bat egin duen Inma Zestauk liburuko testigantza bat ere irakurri zuen orduko emakumeen bizimodu gogorra esplikatzeko eta hunkigarria izan zen. 500 liburu argitaratu ditugu, egunean bertan 30 liburu saldu ziren, eta Leitzako liburu dendetan kasik berrehun saldu dira. Auzolan izpiritu horri eutsiz, beste asko dohainik banatu ditugu, elkarrizketatutakoen eta liburuarekin lagundu didatenen artean, euskara zerbitzuaren bidez... Egunean bertan eskaintza asko egin nituen eta geroztik etxera etorri zaizkit. Hunkigarria izan da. Libururik gabe gelditzen ari gara.
Gazteen artean ikasteko gogoa sumatu duzu?
Duela bi urte bazegoen. Joana Saralegi Leitzako gazteak hemengo hitanoari buruzko lan bat egin zuen. 200 bat erantzunetan askok ikasiko luketela ikusi zuen, baita toka askok zekitela ere, eta noka hiru-lau katuk baino ez. Liburua egin dugunetik emakume batzuk ikasi nahi dutela esanez etorri zaizkit. Hitanoa erabiltzen hasteko eta biziarazteko zerbait egin nahi genuke, erakusteko bidea herrian bilatu nahi dugu, baina oraindik ez dakigu nola. Bestalde, Leitzan noka egiten duen hiztunik gazteena naizela konturatu naiz. Ohorea da.
Baduzu bildutako materialarekin beste zerbait egiteko asmorik?
Kontakizunak Ahotsak.eus atariaren bidez entzungai jartzeko asmoa dugu, audio eta bideo formatuan.
Baina oraindik gaiarekin lanean segitzen duzu, ezta?
Bai, oraindik etxez etxe nabil. Hiztun zaharrek erabiltzen dituzten eta ezohikoak diren adizkien forma guztiak bildu nahi ditut. Euskaltegiko taulak ikusita, forma horiek nork erabiliko zituen esanez ibiltzen ginen, eta hara, herrian bertan topatu dugu horiek erabiltzen dituen jendea. Izugarrizko aberastasuna iruditzen zait. Eta horrekin batera, liburuan jasota ez dauden istorio asko ditut. Emakumeen, sorginen edota sendabelarren kontuekin lan polita egiten ahal da.
Hitanoa bultzatzeak zein ekarpen eginen lioke euskarari?
Hainbat modutan zuzentzeko erregistroak izatea kristoren aberastasuna da. Hizketa desberdintzeko aukera ematen dizu, serioago ari behar duzunean zuka ari zaitezke eta konfiantzan edo lagunartean hika. Euskara erregistro bakarrera mugatuz, gazteek erdarara jo dezakete; erdaraz colega, qué pasa tío, chaval edo halakoak esateko beste hizketa mota dagoela ikusten dute. Erregistro bat galtzea galera haundia da.
Auzolanean |
---|
Ikasketaz irakaslea da Fernando Oiartzun Sagastibeltza, eta lanbidez euskara teknikaria. 1966an Donostian sortu zen, eta Leitzan bizi da. Herria, kultura eta euskara maite ditu, eta horien bueltan ibiltzen da bere denbora librean. Hain zuzen, horren guztiaren emaitza da Hika eta toka. Noka ere toka! liburua, Alke kultur taldeak argitaratu duena. Hainbat herritar elkarrizketatuta osatu du: Pakita Zestau, Juan Bautista Agirre, Kontxi Zabaleta, Miel Sukuntza, Itziar Sagastibeltza, Tomas Sukuntza, Asuntzion Lasarte, Luis Erbiti, Maria Jesus Sagastibeltza, Hilario Barriola, Miren Gogortza, Anita Aierdi, Juantxo Barriola, Genoveva Zestau, Arrosa Sestorain, Margari Zestau... |